Vincent Lamberti zaintza paliatiboa kentzea onartu zuen atzo Frantziako Estatu Kontseiluak, Nicolas Bonnemaisonen aurkako auzia bukatzeko bidean zela, hain justu. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak, ordea, atzera bota du gaur erabakia, eta, hala, gori-gori jarri eutanasiari buruzko eztabaida.
Egoera begetatiboan sei urte zeramatzan Vincent Lambertek. Haren emazte Rachelek auzitara jo zuen iaz, hiltzen utz ziezaioten; bazuen medikuen babesa erabaki hori gauzatzeko. Lamberten gurasoak, baina, katolikoak izaki, aurka ziren; ez zuten baimentzen semeari jatekoa eta hidratazioa kentzea.
Hain zuzen, Estrasburgoko auzitegiak eskatu die Frantziako agintariei Estatu Kontseiluko epaileek hartutako erabakia behin-behinean bertan behera uzteko, Lamberten gurasoek jarritako helegitea aztertu artean.
Estatu Kontseiluko hamazazpi epaileek oniritzia eman zioten emaztearen eskariari, argudiatuta Lambertek, erietxean loturik daukan ezbeharra eduki aitzinetik, sarri esan zuela artifizialki bizirik atxikitzeko borondaterik ez zuela. Begiak higitzen ditu, baina medikuek ez dakite zer sentitzen ahal duen.