Erientzako itxarote zerrendak arintzeko eskatu du Eusko Legebiltzarrak

Helburu hori lortzeko, hiru hilabete baino lehen plan bat egitea galdegin diote alderdi guztiek Osasun Sailari

mikel rodriguez
2010eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak Osakidetzako itxarote zerrendak murriztuko dituen plan bat egiteko eskatu dio Osasun Sailari. Murrizketa egiteko neurriak hiru hilabete baino lehen zehaztea galdegin dio, eta erakunde publikoetako inbertsioak lehenestea, baliabide publikoak erakunde pribatuetara bideratu beharrean. Legebiltzarreko alderdi guztiek atzo onartu zuten zuzenketa transakzional hori, gaiari buruz EAk mozioa eta PPk legez besteko proposamena aurkeztu ondotik.

Legebiltzarrak Osasun Sailari eskatu dio kirurgiaren, proba osagarrien eta arreta espezializatuetako kontsulten itxarote zerrenden garapenaren inguruko analisi iraunkorra egiteko. Horren helburua atzerapenen zergatiak bilatzea da, eta itxaronaldi luzeena duten espezialitateak, prozesu asistentzialak eta zentroak identifikatzea. Analisi horren ondoren itxarote zerrendak murrizteko plana egiteko eskatu du legebiltzarrak, bereziki larrien dauden erien prozesuetako itxaronaldiak laburtzeko. Osasun Sailari egindako beste eskaera bat bana-banako informazio sistema martxan jartzea izan da. Horren helburua eriari arreta jasoko duen eguna jakinaraztea da, eta haren prozesuari buruz helarazi ahal zaion informazioa ematea.

Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak adierazi du itxarote zerrendengatik «ardura» sortu dela gizartean eta datuek hori «berretsi» dutela. PSEri egotzi dio hori ukatu nahi izatea. Hain zuzen ere, Blanca Roncal PSEko legebiltzarkideak esan du gizartean ez dagoela itxarote zerrenden inguruko ezinegonik. Roncalek dioenez, urriko datuen arabera, «hobekuntza txikiak» egon dira itxarote zerrendetan. Agintean zegoenean EAJk egindako kudeaketa kritikatu du PSEko legebiltzarkideak; itxarote zerrendak zentro pribatuetara «ustezko gehiegikeriekin» desbideratu zituelakoan, eta «ustezko irregulartasunak» eta «kontratu ilunak» egin zituelakoan. Legebiltzarraikerketa batzorde bat sortzera «behartu» duela leporatu dio, Marguello auziari aipamena eginez.

Ika-mika EAJrekin

Juan Antonio Arieta-Araunabeña EAJko legebiltzarkideak datuak manipulatzea leporatu dio Jaurlaritzari. Arieta-Araunabeñak Osasun Sailaren eta Osakidetzaren Osanet webgunetik hartutako datuak eman ditu. EAJko legebiltzarkideak jakinarazi duenez, ekokardiogramen proba osagarriak egiteko itxaronaldia 21,59 egun igo da 2009ko irailetik 2010eko irailera bitarte. Epe berean, endoskopiak egitekoa 4,76 egun igo da; hemodinamika proba egitekoa, 34 egun; kirurgia kardiobaskularrekoa, 11 egun, eta traumatologia eta kirurgia ortopedikoko itxaronaldia, berriz, lau egun.

Aralarrek salatu du itxarote zerrendak sarri «aitzakia moduan» erabili direla diru publikoa osasun pribatura bideratzeko. Dani Maeztu legebiltzarkideak aldarrikatu du diru publikoa osasun publikoan inbertitzea «lehenetsi» behar dela. Maeztuk dio Osakidetzaren baliabideak «optimizatu» behar direla, erabiltzailea «eraginkortasun handienarekin» tratatzeko. EBko Mikel Aranaren ustez, berriz, talde guztiek adostutako zuzenketak «ez du ezertarako balio». Aranaren iritziz, «PSEk arazorik ez dagoela eta dena pixkana-pixkana konpontzen ari dela esaten du».

Rafael Bengoa Osasun sailburuak joan den urriaren 22an jakinarazi zuen Osakidetzako itxarote zerrendak murrizteko plan bat prestatzen ari zirela. Hala ere, zehaztu zuen «gauza serioetan» ez zegoela aparteko arazorik, eta bihotzeko kirurgia eta minbiziaren aurkako tratamendua jarri zituen adibidetzat.

EAJk Bengoari berari leporatu zion itxarote zerrendak luzatzea. Bengoak Legebiltzarreko Osasun Batzordean agerraldia egiteko eskatu zuen EAJk, «produktibitatearen gutxitzearen» aurka hartuko dituen neurriak azaltzeko. Joan den astelehenean, Bengoak EAJri leporatu zion kritika horiekin osasun publikoa pribatu bihurtu nahi dutenen alde aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.