Erietxeetako sukaldeetako langileen alde, 5.024 firma

Osasunbideak zerbitzua «pribatizatu» nahi duela salatzeko, protesta egin dute; lanuzteak ere iragarri dituzte

Sindikatuetako ordezkariak, atzo, sinadurak aurkezten. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Erredakzioa
Iruñea
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Osasunbideak erietxeetako sukaldeetan diharduten langileen zerbitzua «pribatizatu» nahi duela salatzeko, protesta egin zuten atzo hainbat langilek Iruñean, Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentu parean. Beren kexuarekin bat datozen hainbat lagunen sinadurak biltzen ibili dira egunotan, eta atzo emaitza aurkeztu zuten: 5.024 izenpetze. Atxikimendua erakutsi duten lagunen kopuru handiari apartekogarrantzia eman zioten: Osasunbideko langileen erdiak dira. Bide batez, borrokan jarraituko dutela jakinarazi zuten: lanuzteak antolatu dituzte hilaren 14, 22 eta 28rako. Deitzaile dira ELA, LAB eta CCOO sindikatuak.

Sinadurekin batera, atzo, Osasunbideko hainbat erabiltzailek idatzitako gutunak aurkeztu zizkieten osasun agintariei; horietan sukaldeetako langileek egun ematen duten zerbitzua goratzen da, eta pribatizazioak ekar ditzakeen aldaketen harira kezka azaldu dute. Sindikatuen aburuz, pribatizazio prozesuak 180 langileren kaleratzea eragingo du. Nafarroako Gobernuak, berriz, azaldu du zerbitzua enpresa pribatuen esku utzita 3,5 milioi euro aurreztuko dituztela, baina sindikatuek diote ez dutela horren berririk. «Emandako kopuruek ez dute funtsik», azaldu du LABeko ordezkari David Mendazak.

Hilaren 16an, hainbat lanuzteren ostean, egun osoko greba egin zuten sukaldeetako langileek. «Arrakastatsua» izan zela esan zuten sindikatuek. Eragin urria izan zuela, ordea, Nafarroako Gobernuak: «Gaixoek bermatuta eduki dituzte otorduak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.