Espainiako Gobernuak kasu egingo die gaixotasun kronikoak dituzten paperik gabeko etorkinei. Hori bai, ondoren etorkin horien sorterrietako gobernuei kobratuko diete zerbitzua. Hala jakinarazi du Agustin Riverok, Espainiako Osasun eta Farmazia Alorreko Zerbitzuen Oinarrizko Zorroaren zuzendari nagusiak. «Espainiar bat beste herrialde batean artatzen dutenean, hemengo Gizarte Segurantzak ordaintzen du. Kasu honetan berdin izango litzateke. Lankidetza hitzarmenak ditugu herrialde askorekin». Riverok ez du zehaztu zer gertatuko den hitzarmena ez duten herrialdeekin edo etorkinaren sorterrian osasun publikoakfinantzatzen ez duen tratamenduarekin. «Ikusiko dugu nola eta nork egiten duen ordainketa», esan du Riverok. Medikuak erabakiko du kasua larria den edo ez. «Ezin du beste inork hartu erabaki hori».
PPren gobernuak osasun publikoan ezarritako mozketen ondorioz, irailaren 1etik aurrera osasun txartelik gabe geratuko dira paperik gabeko etorkinak. Gizarte Segurantzan izena emanda ez badaude, Espainiako Gobernuak kendu egingo die txartela. Gizarte Segurantzan izena emanda dauden etorkinei ere baldintza gogorragoak jarriko dizkie txartela lortzeko. Bizi aseguru bat izan beharko dute. Bestalde, aste honetan jakin da710 euro kobratuko dizkiela urtean osasun arretagatik paperik gabeko etorkinei: 59,20 euro hilabetean. 65 urtetik gorakoek gehiago pagatu beharko dute: 155,40 euro. Gainera, ordainduta ere, baldintza gehiago jarriko dizkie osasun zerbitzu publikoa erabiltzeko: urtebete egon beharko dute erroldatuta. Halaber, hilero ordaindu beharko duten kopuru horretan ez dira sartzen sendagaiak, ezta irailetik aurrera ordaindu beharreko osasun garraioa ere—anbulantziak larrialdi kasuetan baino ez dira doan izango—.
Atzo, berriro ere, egitasmoa defendatu zuen Manuel Cerverak, osasun gaietarako Espainiako Kongresuan PPk duen bozeramaileak. «Inor ez da geratuko osasun arretarik gabe. Eraginkorragoak izan nahi dugu kudeaketan. Jakin nahi dugu nor sartzen den osasun etxeetan eta zein eskubide dituen. Europan hala egiten dute, eta guk ere egingo dugu. Ez badugu egiten, besteak baino gehiago zorpetzen jarraitzeko arriskua dugu».
Cerverak gobernuaren asmoa zein den berretsi zuen: «Legez kanpoko immigrazioa legezko egin nahi dugu, eta etorkinak lan kontratuarekin etortzea Espainiara». Autonomia erkidegoek jar ditzaketen helegiteen inguruan, argi mintzatu zen: «Badakite egoera oso larria dela eta osasun alorrean funtsezkoa dela itun orokor bat lortzea».
Kontzientzia eragozleak
Alderdien, sindikatuen eta etorkinen eskubideen alde lanean ari diren taldeen gaitzespena jaso du Espainiako Gobernuaren asmoak. Osasun profesionalek ere ez dituzte egoki ikusten. Paperik gabeko etorkinei osasun txartela kenduko dietela jakin zenetik, aurka agertu dira. Gogorarazi dute kode deontologikoak argi uzten duela gaixo guztiak artatu behar dituztela eta horren aldekoak direla. Gainera, iritzi diote osasunaren ikuspegitik onurak baino gehiago kalteak ekarriko dituelaneurriak. Horien artean aipatu dute larrialdi zerbitzuek gainezka egitea eta hainbat gaixotasun zabaltzea.
Hainbat medikuk berretsi dute paperik gabeko etorkinei kasu egiten jarraituko dutela. Etorkinei 710 euro kobratzearen aurka ere azaldu dira. Kontzientzia eragozpena baliatuko dute neurriak ez ezartzeko.
Espainiako Gobernuak, ordea, oharra egin die: 710 euroen kasuan, legez kontra ari dira. «Medikua ez da arduratzen fakturatzeaz, baizik eta gaixoei kasu egiteaz».
Eritasun kronikoak dituzten paperik gabeko etorkinak artatuko ditu Espainiak
Etorkinen sorterriko osasun zerbitzuari kobratuko diote arreta, baina ez dute zehaztu nola egingo duten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu