Poliomielitisa.

Eritasuna ezin erauzita

Lorpen handia izan da gaitza Indiatik desagarreraraztea, baina polio kasuak dituzten herrialdeetako egoera kezkagarria dela dio OMEk.

Irune Lasa.
2014ko maiatzaren 18a
17:11
Entzun

Aspaldiko nahia da poliomielitisa mundu osoan desagerraraztea, baztangarekin lortu zen bezala. Sendabiderik ez du polioak, eta, hari aurre egiteko, modu bakarra dago: txertoa. 1988tik 2.500 milioi haurrek jaso dute polioaren txertoa mundu osoan, eta polio kasuen kopurua %99 murriztu da bitarte horretan.

Baina gaitza mundutik erauztear egon den aldiro, atzera agerraldiak izan dira. OME Osasunaren Mundu Erakundeak behinola pentsatu zuen 2000. urterako desagerraraziko zutela polioa. Gero, 2005a jarri zuen helburu. Gero, 2008a; 2012; 2015. Orain, 2018rako nahi dute poliomielitisa mundutik desagertzea.

Urte hasieran, bide horretan aurrerapauso nabarmena lortu zen. Hiru urtez poliomielitis kasurik izan gabe, Indian polioa erauzitzat jo zen. Lorpen izugarria da, aintzat hartuta duela bost urte herrialde hartakoak zirela munduan zenbatzen ziren polio kasuen erdiak.

Baina, albiste on horretatik lau hilabete eskas igarota, albiste txarrak iritsi dira, eta polioa mundutik 2018rako erauzteko azken helburu hori ere auzitan jarri da maiatz honetan: OMEk polioaren agerraldi berria "nazioarte mailako larrialditzat" jo du. Ez da nolanahiko oharra OMErena. Ezohikoa da halako deklarazio bat, osasun agintariek gaiaz duten kezkaren adierazle.

Zertara dator larrialdi deklarazio hori? Bada, urte hasieratik hona, OMEk 74 polio kasu zenbatu dituela munduan. Kopuru txikia dela ematen badu ere, kontuan izan behar da 2013. urte osoan 417 izan zirela polio kasuak. Eta urte hasietarik honako horiek, gainera, neguan azaldu dira, ustez polioaren hedapen txikieneko hilabeteetan. Horrek, ezinbestez, kezka eragiten du udaberriak eta udak ekar ditzaketen kasuen kopuruei buruz.

Indiak zerrenda utzi ostean, hamar dira, orotara, polio kasuak dituzten herrialdeak, eta horietatik hirutan, Afganistanen, Nigerian eta Pakistanen da endemikoa poliomielitisa. Herrialde horietan, orain arte ez da gaitzaren trasmisio katea hautsi.

Polio kasuak dituzten beste zazpi herrialdeetan —Ekuatore Ginea, Etiopia, Irak, Israel, Kamerun, Siria eta Somalia— noizbait lortu zen gaitza erauztea, baina atzera agertu da, eta herrialde horietan ere zabaltzen doa polioaren birusa.

Ez hori bakarrik; herrialdeen arteko mugak ere gainditu ditu. Hala, gaitzaren anduiei begiratu eta ikusi dute aurten polioa Pakistandik Afganistanera hedatu dela, baita Siriatik Irakera eta Kamerundik Ekuatore Gineara ere.

OMEk, hain zuzen, bere larrialdi deklarazioan polio kasuak dituzten herrialde horietako mugak zaintzeko beharra azpimarratu du. Adibidez, herrialde horietatik irten behar dutenek aurretik polioaren txertoa jaso dutela ziurtatzeko eskatu die herrialde horietako agintariei. Izan ere, ez da ahaztu behar polio infekzioen gehiengo handia sintomarik gabe igarotzen dela, baina birusa daramatenek kutsa dezakete gaitza.

Poliomielitisaren birusa ahotik hartzen da, esaterako, gaixo baten listua ukitu ostean. Baina transmisio ohikoena higiene faltaren ondorio izaten da, birusak gaixo baten gorotzetatik beste norbaiten ahorako bidea egiten duenean.

Gerra eta pobrezia

Erremedioa, jakina, txertoa da. Baina gatazkak, gerrak eta pobrezia arerio indartsuak dira. Siriakoa da horren adibide. Iaz gerra hasi, txerto kanpainak eten, eta, jakina, berehala agertu ziren polio kasuak haur txikietan, abiadura ikusgarrian hedatuz.

Nigeriakoa arazo zaharragoa da. 2003an iparraldeko Kano eskualdeko zenbait erlijioso musulman polio txertoen kontra predikuan hasi ziren, esanez txertoarekin Mendebaldeko herrialdeen benetako helburua herrialdeko haur musulmanak antzutzea zela. Uste hori eta gaitza ere Nigeriako beste eskualdeetara zabaldu zen, eta polioak herrialdeko mugak ere gainditu zituen. Geroztik, gauzak hobetu dira, eta kanpainak egiten ari dira Nigerian, nahiz eta herritar zenbaitek oraindik susmo txarrak izan. Dena den, polioaren aurkako txertoak jartzen ari ziren hainbat lagun hil dituzte otsail honetan Kano eskualdean egindako eraso batean. Boko Haram taldeari leporatu zaio erasoa.

Eta bai, Nigeriakoak Pakistanen gertatzen ari dena ekartzen du gogora. 2012an, epe batez, Nazio Batuen Erakundeak bertan behera utzi zituen polioaren kontrako txertaketa kanpainak Pakistanen: bata bestearen atzetik izan ziren erasoak, eta talibanek txertoak ematen ari ziren hainbat pertsona hil zituzten.

Herrialde hartan ere, badago susmoa txertoak haur musulmanak antzutzeko Mendebaldearen arma direla. Eta, jakina, horretan ez du laguntzen AEBetako CIAk Osama Bin Ladenen ehizan izandako jokaerak: hura harrapatzeko, hepatitisaren kontrako gezurrezko txerto kanpaina bat egin zuen CIAk Abbottabaden. Haurren DNAk biltzea zen xedea, Bostonen (AEB) hildako Bin Ladenen arrebaren DNArekin alderatu eta etxe jakin batean bizi ziren haurrak Al-Qaedako buruaren ahaideak ziren baieztatzeko.

Bata dela bestea dela, gaur egun egiten dira polioaren txertaketa kanpainak Pakistanen. Azkenengoan 8.000 osasun langile jardun ziren horretan, 5.000 poliziak lagunduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.