UNIBERTSITATEA

Erizaintza ikasketak euskaraz eskaintzeko eskaera egin die Arartekoak NUPi eta Hezkuntzari

Euskarazko eskaintza murrizteko arrazoia "irakasleen gabezia" dela argudiatu du unibertsitateak, baina Arartekoak uste du egoera zuzentzeko "neurriak har daitezkeela".

NUPeko Erizaintzako ikasle euskaldunak, protestan. IRUÑEKO EUSKALGINTZA
Ion Orzaiz.
2018ko apirilaren 24a
07:49
Entzun

Martxoaren 15ekoa da Arartekoaren txostena. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak kexa aurkeztu zuen otsailean, "Nafarroako Unibertsitate Publikoan Erizaintza euskaraz ikasteko dauden zailtasunen harira".

Arartekoak zilegitzat jo zuen Behatokiaren kritika, eta auzian ardura duten bi erakunde publikoei igorri zien: Hezkuntza Departamentuari eta NUPeko errektoreari.

Hezkuntza Departamentuak bat egin zuen kexan azaldutako ezinegonarekin: "Gai horrek interes berezia du Hezkuntza Departamentuarentzat, eta bereziki horretarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoari finantzaketa eskaintzen dio euskarazko irakaskuntza eta horren kalitatea areagotzeko [...]. Seigarren klausulan, 'Hobekuntzetarako finantzaketa', jasota dago eta NUPen finantzaketa hitzarmenean zehaztua". Zehazki, 2017 urterako, 100.203 euro eman dizkio Nafarroako Gobernuak NUPi, euskarazko eskaintza handitu dezan. 2018an, 161.186 euro izanen dira, eta 2019an, berriz, 302.075. "Erizaintzako gradua euskaraz eskaintzeak Hezkuntza Departamentuaren erabateko babesa izango luke, zalantzarik gabe", gaineratu zuen departamentuak oharrean.

NUPek ere erantzun zion Behatokiak Arartekoaren bidez eginiko erreklamazioari, martxoaren 7an. Erantzuna, ordea, oso bestelakoa izan zen: "Aurkeztutako kexari ezin zaio erantzun". Erizaintza gradua eskaintzen duen Osasun Zientzien Fakultatean irakasle finko gutxi daudela, hori izan zen NUPen argudio nagusia: "Kategoria iraunkorretako irakasleen gabeziari dagokion egiturazko arazoa dago, baina ez unibertsitate honetan bakarrik, denetan baizik; eta horrek behartzen du lanaldi partzialeko kontratua duten profesionaletara jotzera". Arazo hori konpontzeko, NUPek "ahalegin handia" egin duela dio oharrak, "baina emaitzak eskasak izan dira, irakasle iraunkorren lanpostuak betetzeko egiaztagiriak dituzten pertsonak gutxi direlako [...]. Hortaz, erraz imajina daiteke zailtasun horiek areagotu egiten direla edozein murrizketa duten lanpostuetarako deialdia egiten denean —hizkuntza eskakizunak barne—, eta, ondorioz, une honetan ez da bideragarria Erizaintzako gradua euskaraz eskaintzea, horretarako gai diren irakasleak falta baitira".

Txosten guztiak jasota, Arartekoak "iradokizuna" egin die Hezkuntzari eta NUPi, egin beharreko aldaketak egin eta Erizaintzako ikasketak euskaraz eskaintzeko baliabideak berma ditzaten. Erakunde horren arabera, euskarazko eskaintza zabaltzea bat etorriko litzateke Euskararen Foru Legearekin, NUPen barne araudiarekin eta Nafarroako Parlamentuak berriki eginiko eskaerarekin ere. "Horrez gain, Erizaintzako graduko ikasleen artean euskaldun asko egongo lirateke eta horrek iradokitako noranzkoan urratsak ematea egokia litzatekeela azpimarratuko luke", azaldu du Arartekoak bere txostenean.

Era berean, Erizaintza herritarrei osasun zerbitzu publikoa ematearekin "lotura estua duen diziplina" dela dio Arartekoak. "Zerbitzu horretan erabiltzaileek hitz egiten duten hizkuntzan zerbitzua emateak esanahi berezia du interesdunentzat, are gehiago herritar horiek administraziora euskaraz zuzentzeko eskubidea baldin badute".

Hortaz, alde guztiek emaniko argudioak aintzat hartuta, Arartekoak "pentsatzen du eskumena duen administrazioak neurriak har ditzakeela zailtasunei aurre egiteko" eta arazoa konpontzeko. Honako iradokizuna egin die Hezkuntza Departamentuari eta unibertsitateari: "Neurriak har ditzatela unibertsitate horretan Erizaintzako gradua euskaraz ezarri ahal izateko, ikasketak aipatutako hizkuntzan egin nahi dituzten ikasleek hala egin ahal izan dezaten".

Ikasleen agerraldia

Arartekoaren txostena jaso ostean, Behatokiak eta Erizaintza ikasleek agerraldia egin dute gaur goizean NUPeko Osasun Zientzien Fakultatearen aurrean. Gradua euskaraz egin nahi baina ezin duten ikasleen testigantza eman dute agerraldi horretan, eta Arartekoak eginiko gomendioak aletu dituzte.

"Errealitatea da gaur gaurkoz ez dela aldaketarik eman eta soilik bi ikasgai eskaintzen direla euskaraz gradu osoan. Horregatik, hitzorduak eskatuko dizkiogu bai NUPeko Errektoretzari, baita Hezkuntza Departamentuari ere, urratsak eman ditzaten", esan dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.