politika

Erkizia: "Konfrontazio armatuaren arotik, aro politikora pasatu nahi dugu"

Ezker abertzaleko militante historikoaren ustez, Batasunaren "txostenak erakusten du Arnaldo Otegi-eta indarkeria oro gaindituko duen prozesuaren alde daudela, garbi". 'Gara' egunkariak eman du gaur idatziaren berri eta, horren arabera, Batasunak "indarkeriarik eta kanpoko esku-hartzerik gabeko prozesu demokratikoa" bultzatu nahi du.

2009ko urriaren 20a
15:06
Entzun
Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoak azpimarratu duenez, gaur Gara egunkariak argitaratu duen Batasunaren "txostenak erakusten du Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta beste atxilotuak indarkeria oro gaindituko duen prozesuaren alde daudela, garbi" eta, halaber, "inposaketa eta blokeoa" gainditzearen alde ere badaudela. "Bide politikoa ari dira planteatzen Otegi-eta. Konfrontazio armatuaren arotik, aro politikora pasatu nahi dugu. Horretan aritu dira atxilotuak, hori da haien 'delitua', eta hori badaki Rubalcabak [Espainiako Gobernuko Barne ministroa]".

Azken batean, "Euskal Herriaren eta [Espainiako] Estatuaren arteko enfrentamendu politikoa nahi dute Otegik, Diezek eta besteek", Erkiziak Herri Irratian gaur esan duenez. Horretarako, "estrategia subiranistaren aldeko indar metaketa eta gizartearen mobilizazioa beharrezkoak" direla deritzo.

Ezker abertzalea "uneoro autokritika egiten" dabilela dio Erkiziak, eta horrek "heldutasuna" daukala erakusten duela. "Aro berria" martxan jartzeko pausoak "azkartzeko" prest dago Batasuna, haren arabera, "ezker abertzalea baita interes handiena duena".

Batasuneko militanteak eztabaida fasean

Batasuneko militanteen artean eztabaidatzen ari diren proposamenak biltzen dituen 36 orrialdeko zati bat argitaratu du Gara-k eta, bertan zehazten denez, "hitza eta herritarren erabakiak" oinarritzat dituen "prozesu demokratikoa" eztabaidatzen ari dira Batasunan, "indarkeriarik eta kanpoko esku-hartzerik gabe" garatuko litzatekeena.

Gara-k jakinarazi duenez, duela astebete ezker abertzalearen aurka egin zuten polizia operazioak ez du eztabaida eten. Horren xedea "ziklo berri bati hasiera emango dion eskariari estrategia eraginkorrarekin erantzutea da. Aurretik egindako saiakerek arrakastarik ez dute izan baina egun aukera asko ditugu [helburua] lortzeko". Prozesu horrekin, "Euskal Herria aldaketa politikoaren sarreran ipini" dutela dio Batasunak; "30 urte beranduago, aldaketaren atea guztiz irekita dago".

Batasunako zuzendaritzaren arabera, prozesuak "dinamikoa eta apurkakoa" izan behar du. Txostenean ez dituzte zehaztu hori lortzeko epeak. "Prozesuaren garapenean ezker abertzalea izango da denboraren joanari etekina aterako diona. Espainiako Estatua ahulduko du eta gu indartuko gara, dudarik gabe", dio txostenak.

"Ez gara jabetu zergatik eta zertarako ireki genuen prozesu demokratikoa", Batasunaren esanetan

Txostenean Batasunaren zuzendaritzaren autokritika ere biltzen dela dio Gara-k eta, "batez ere, 2007ko negoziazio prozesuaren amaieran gertatutakoa zalantzan jartzen" dutela. "Dirudienez, ez gara jabetu zergatik eta zertarako ireki genuen prozesu demokratikoa. Ez gara konturatu [prozesua] ez zela pauso batzuk emateko eta beste aldi baterako oinarri batzuk ezartzeko soilik. Ez dugu behar bezala barneratu aldaketa politikoari bidea irekitzeko garaia dela, eta horrek gu aldatzea behartzen gaituela". Beraz, "apustu politiko berri bat egin beharra dago, aukera eta okasio berriak ez dira-eta bere gisara etorriko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.