Bilboko Instrukzioko 3. zenbakiko epaitegian deklaratu du Tasio Erkiziak gaur goizean, etxe kaleratzeen aurka BBKren aurrean egindako protestan parte hartzeagatik.
Bizkaiko hainbat kolektibok protesta egin zuten BBK-k batzar nagusia egin zuenean, apirilaren 11n, etxe kaleratzeei buruzko politika salatzeko. Bilboko mobilizazioan ehunka lagunek hartu zuten parte, eta BBKren egoitzaren aurrean protesta galarazi zuten poliziek. Haiei eraso egin izana leporatzen diote Erkiziari, autoritatearen kontrako atentatua egitea.
"Tasio gaur hemen deklaratzera deituta egotea bere kontrako eta mobilizazio sozialetan parte hartzen duten guztien kontrako mendekua edo abisu bat besterik ez da", esan du Arantza Urkaregi ezker abertzaleko kideak. Elkarretaratze bat egin dute Erkizia deklaratzera sartu aurretik, eta Urkaregik eta Erkiziak berak hartu dute hitza.
"Tasiori elkartasun politiko eta pertsonala adieraztera ere etorri gara. Haren ibilbide militantea eredugarria izan delako herri borroka guztien alde, eta horregatik gaur inputatua dago, ez hankarik ez bururik ez daukan akusazio baten ondorioz", azaldu du Urkaregik.
Deklarazioaren oinarria "guztiz politikoa" dela nabarmendu du Erkiziak: "Politikariak konturatzen dira gaur egun gizarteak egoera oso larria duela, egonezina dago gizartean eta horren aurrean mobilizazioak isilarazi nahi dituzte".