Datozen hiru urteetarako bakegintzaren "bide orria" izango da Bake eta Bizikidetza Plana Eusko Jaurlaritzarentzat, Josu Erkoreka eledunaren arabera. Bake Plan horretan jasotako hemezortzi ekimenak garatuko ditu gobenuak, legealdi hau bake eta normalizazio politikoarena bilaka dadin.
Gobernu kontseiluak gaur eguerdian onartu du "zoru etikoa" erreferentziazko esparru gisa duen Bake Plana, eta, Erkorekak azaldu duenez, eragile sozial eta politikoen ekarpenei "zabalik" jarraituko du hemendik aurrera ere. Haren hitzetan, azken hilabeteotan eragileek aurkeztutako ekarpenak jasotzeko "ahalegin berezia" egin du gobernuak. 27 zuzenketa eta 42 iradokizun orokor bildu ditu behin betiko dokumentuak.
Bake Planak jasotako kritikak ulergarriak direla uste du Erkorekak, baina horiek ez dutela plana zapuztuko esan du. "Akordioa bidearen hasieran baino gehiago, amaieran lortzea da garrantzitsua", adierazi du.