EUSKO JAURLARITZA

Erkoreka: "Debekuaren erabakia oso larria da, ulertezina"

Epailearen autoa irakurri ondoren erabakiko du Jaurlaritzak zer egin debekuaren inguruan. Urkulluk goizean, debekuaren aurretik, esan du Ertzaintzak erabaki judizialak bete behar dituela. Zuzenean kontatu du Iñigo Astiz kazetariak.

2014ko urtarrilaren 10a
12:41
Entzun

Agerraldi berezia iragarri arren, Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik erabaki zer egingo duen Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen debekuaren inguruan. Josu Erkoreka bozeramaileak esan du "ulertezina" dela epailearen erabakia, eta oso larritzat jo du. Nolanahi ere, autoa irakurri arte itxarongo du Jaurlaritzak bere jarrera zein izango den erabakitzeko. 

"Garai berriek estatu politika berria eskatzen dute eta espetxe politika berria ere bai", adierazi du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Edozein kasutan, "arduraz" jokatzeko eskatu du. "Eusko Jaurlaritzak argi utzi nahi du debekuak ez duela isilaraziko gehiengoaren nahia". Erkorekak nabarmendu du, goizean Urkulluk egin bezala, lehen ere, ETAk armak utzi aurretik, manifestazioa jendetsua izaten zela urte hasierakoa.

Urkulluk ez zuen uste debekatuko zutenik, baina hala izanez gero Ertzaintzak epaileen aginduak bete behar dituela esan du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, "polizia integrala" delako argudioa erabilita. "Kezka" agertu du lehendakariak debekuaren berri izan aurretik, eta ondoren, orain, badu horretarako motiboa.

Presoen eskubideen aldeko manifestazioa urtero egiten dela zioen Urkulluk, eta aurten ere egiteko eragozpenik ez zuela ikusten. "Aurrekoetan ez da ezer gertatu", azaldu du. Debekatuz gero Ertzaintzak protesta galaraziko zukeen galdetuta, ordea, garbi esan du Ertzaintza "polizia integrala" dela eta, hala izanda, "agindu judizialak" betez jarduten duela.

"Operazio narratsa"

Asteazkenean Guardia Zibilak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren mintzaidetza taldearen kontra eginiko polizia operazioaren kontra ere mintzatu da lehendakaria. Operazioa "narratsa" izan zela eta helburu "mediatikoa" zuela uste du. Urkulluren iritziz, ezker abertzalea urratsak egiten ari da, "baina nahi baino motelago". Espainiako Gobernua, berriz, aurrerapausorik ez emateaz gain, "atzerapausoak" ematen ari dela salatu du.

Azaldu duenez, oraindik ez du Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearekin hitz egin azken egunetako gertakarien inguruan, baina, adierazi duenez, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa ez zaio "egokia" iruditzen "garai berriak zuzentzeko". Fernandez Diazek adierazpen publikoetan "ezer gertatu ez balitz bezala" jarduten duela salatu du Urkulluk, eta eskatu dio "garai berria bere egiteko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.