EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako Bizkaiko zerrenda aurkeztu du. Alderdi jeltzalearen elkarrizketarako gaitasuna azpimarratu du Bizkaiko zerrendaburu eta Jaurlaritzaren jarduneko bozeramaile Josu Erkorekak, Bilbon egindako agerraldian: "EAJ gai da edozein indar politikorekin akordioak lortzeko".
Horrez gain, azken lau urteetan egindako kudeaketaz arro mintzatu da, haren ustetan emaitzak "agerikoak" direlako: "Defizit eta zor helburuak bete ditugu, zerbitzu sozialak bermatzen ditugu egunero eta hezkuntza eta osasunean gehien gastatzen duen erkidegoa gara".
"Orain arte egindako kudeaketarekin jarraituko dugu: elkartasunez, lantaldean eta etorkizunari begira", adierazi du Erkorekak. "Euskadirekiko konpromisoa" eskaini du, autogobernua "hobetuko" dutela ziurtatzeaz gain. Agerraldian ere izan da Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxa. Gogorarazi du EAJk lortu duela "egonkortasuna" bermatzea, nahiz eta gutxiengoan egon diren azken legegintzaldian.