Josu Erkorekak gobernu kontseiluaren ostean adierazi duenez, "Euskadiren ahalmen instituzionala murriztu eta murriztu ari dira". Uste du Espainiak "kolokan" jarri dituela euren burua antolatzeko gaitasunak eta eskumenak. "Espainiako Gobernua, krisi ekonomikoa aitzakiatzat hartuta, autonomien estatuaren sorrera ekarri zuen adostasun politikoa hausten ari da".
Txosten bat onartu du Jaurlaritzak (CORA), Espainiaren jokaerak salatzeko. Gobernuaren "alde bakarreko jarduerak" gaitzesten ditu, hain justu. "Besteen kontura egindako erreformak" egitea egotzi dio. Erkorekarentzat, gobernuak ez ditu betetzen "estatu konposatu bati dagozkion joko arauak".
Adibidetzat jarri du Espainiak "erregistro ofizial eta derrigorrezko bakarra zentrala" izateko nahia. "Hori ezta frankismo garaian ere", gaineratu du. Horrekin batera, gobernuaren negoziazio borondatea "hutsaren hurrengoa" dela uste du.