Erkoreka: «Euskal Herrian oso hedatua dagoen eskaera bideratuko dugu»

EAJk Patxi Lopezi eskatu dio erabakiak hartzeko orduan «koherentea eta autonomoa» izateko

Josu Erkoreka, atzo, Bilbon eman zuen prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko irailaren 1a
00:00
Entzun
«Gure helburuetako bat Euskal Herrian oso hedatua dagoen eskakizun bat bideratzea da. Autodeterminazio eskubidearen eskakizuna, hain zuzen ere». Horixe esan zuen atzo Josu Erkoreka jeltzaleak, Espainiako Konstituzioan autodeterminazioaren inguruko zuzenketa aurkeztuko dutela iragartzeko. Erkorekaren aburuz, autodeterminazio eskubidea euskal abertzaleen eta abertzaleak ez direnen eskaera historiko eta sekularra da. Horrez gain, demokrazia printzipioaren ondorioaren isla dela ere erantsi zuen bozeramaile jeltzaleak.

EAJk autodeterminazio eskubidearen inguruan proposatutako zuzenketa idatzi horrek abiapuntu bat daukala adierazi zuen Erkorekak. «Gure zuzenketa eskaeraren abiapuntua 1990. urtean Eusko Legebiltzarrak onartutako aldarrikapena da». Erabakihorren arrazoia, berriz, «norberaren alderdiaren gainetik euskal erakundeetan lortutako adostasunak gainjartzea da». «Alderdiaren interesak erabil genitzakeen, baina eskaera egokiagoa eta zuzenagoa iruditu zaigu Eusko Legebiltzarraren eskakizun bat gureganatzea eta bideratzea».

Era berean, Bildu erakundeetan sartzeak eskaera horretan eraginik ez duela adierazi zuen. Izan ere, «eskaera hau egiteko abagunea orain daukagu; Konstituzioa aldatzeko asmoa orain dute Espainiako alderdi nagusiek. Duela bi edo lau urte horretarako aukerarik ez zen egon, bestela abagunea baliatuko genukeen».

EAJk eskatuko duen zuzenketa ez da autodeterminazio eskubidean bukatzen, beste eskaera bat ere egin duelako. Eskakizun hori Euskal Herrian «hain errotuta» dauden foru aldundiei dagokie. Defizita mugatzeko Konstituzioan proposatu den aldaketan horiek ez aipatze «akats larria» dela dio jeltzaleak. Erkorekaren aburuz, PSOE eta PP alderdiek proposatutako ekimenak atzera egin ezinezko ondorio kaltegarriak ekar ditzake etorkizunera begira, «finantza eta zerga sisteman murrizketak» izateko aukerari bidea irekitzen diolako.

Erkorekak Eusko Jaurlaritzaren jarrera kritikatu du, zuzenketa eskaria erakunde horri dagokiola argudiatuz. «Kontua da Eusko Jaurlaritza beste eginkizun batzuetan dabilela. Lehendakariak alderdi sozialistaren barne eztabaidetan parte hartzen du, baina, dirudienez, ez du denborarik eta aukerarik euskal erakundeen berezitasunak defendatzeko». Hori dela eta, nabarmendu du EAJk bere gain hartzen duela euskal erakundeen interesak defendatzeko beharra.

Koherentzia eskaera

Patxi Lopez lehendakariari eta haren alderdikideei koherentziaz jokatzeko eskatu die Erkorekak. «Lehendakariak mila aldiz esan dezake erreforma honen aurka daudela. Baina ezin daiteke esan 'erreformaren aurka nago' eta,aldi berean, baiezko botoa eman». Horregatik, Madrilgo erabakiei uko egin eta autonomiaz jokatzeko dei egin zien, eta erantsi zuen horretarako aukera paregabea dutela. «Benetan erreformaren aurka badaude, PSEk dituen bederatzi diputatuek horren aurka bozkatzeko aukera dute, eta orduan erakutsiko lukete erabakiak hartzeko orduan autonomo eta independenteak direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.