Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du ezinbestekoa dela “lagun baten ongietorria eta zigor-hauste bat egin izana bereiztea”.
Erkorekak azaldu du PP "gehiegi" ari dela jarduten Parot doktrinaren indargabetzearen ostean aske gelditu diren presoek eduki duten harreraren inguruan, eta ondorioz, "barregarri" geratzen ari dela uste du.
Gaur goizeko osoko bilkuran PPko legebiltzarkide Borja Semperrek adierazi du, bere ustez “Eusko Jaurlaritzak ETAko preso ohien agurrean hartu duen jarrera, arinkeria interesatua” izan dela. Erkorekak erantzun dio ez direla "inongo arinkeriatan" ibili, eta gaineratu du, berez ustez PP "barregarri" geratzen ari dela presoen harreraren inguruan izaten ari den horrenbesteko jardunarekin.
Hala, Erkorekak nabarmendu du ezinbestekoa dela, batetik, “lagun edo familiarteko bati egiten zaion ongietorria, nahi bada baita ongietorri beroa ere, zigor-hauste bat egindakoa, zigortua izan zena, eta 20 edo 25 urteko zigorra bete duena; eta bestetik, hutsegite baten gorespena".