Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren erabakien berri emateko agerraldian zehaztu du Iñigo Urkullu lehendakariak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari igorritako eskutitzan harekin biltzeko deia egin diola, eta bi aldeen artean hitz egin beharko liratekeen hainbat gai aipatu dizkiola; tartean daude kupoa, LOMCE eta osasun arloko eskuduntzak.
Ez dute, ordea, Rajoyren erantzunik jaso. "Jaurlaritza ez da inor Espainiako Gobernuaren agenda finkatzeko, baina eskertuko genuke abuztu aurretik biltzea". Erkorekak gaineratu duenez, lehendakaria prest dago elkarrizketak berreskuratzeko, bai bakeari eta elkarbizitzari dagozkionak, baita gai sektorialenak ere.
Artur Mas Kataluniako presidentea Rajoyrekin bilduko dela jakin ondoren, Erkorekak azaldu du Urkullu ez dagoela bilera hari begira: "Urkulluk planteamendu propio eta autonomoa egin nahi du".
Kirol arloko lanbideen araudia
Gobernu Kontseiluan hartutako erabakiei dagokienez, hainbat gai aipatu dituzte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura arloan. Cristina Uriarte sailburuak kirolarekin lotutako lanbideen araudiaren zirriborroa aurkeztu du. Aurreproiektuaren helburua da lanbideen funtsezko arloak zehaztea da, eta lanbide bakoitzari dagozkion funtzioak finkatzea. "Kirolaren eremua oso modu zabalean ulertzen du", esan du Uriartek.
Hori horrela, aurreproiektuan begiraleen lanbidea onartu eta arautzen da, baita kirol entrenatzailearen lanbidea ere. "Begirale eta entrenatzaileek gutxieneko jakintza batzuk izan beharko dituzte; horrez gain, balioak, berdintasuna, dopinaren aurkako jarrera eta abar erakutsi beharko dituzte". Uriarteren arabera, legea ere progresiboan martxan jartzeko mekanismoak aurreikusi dituzte.
Horrez gain, 2014-2015 ikasturterako unibertsitate ikasketetarako beken deialdia onartu dute. 26,8 milioi bideratuko dituzte.
Etxebizitza eta merkataritzarako diru sailak
Erkorekak azaldu duenez, 34 milioi euroko saila onartu dute etxebizitzen alokairua eta berritzea sustatzeko.
Horrez gain, Hirigune laguntza programa ere onartu dute; horrek hiri eremuetan merkataritza jarduera bideratzea du helburu —2,7 milioi euro jarriko dituzte—. Udalek zein merkatari elkarteek eskatu ahal izango dituzte diru laguntzok.
Fagor Etxetresnen eskaintzez galdetuta Erkorekak adierazi du oraindik ez dakitela azken eskaintzen berri —horiek ezagutarazi aurretik egin ditu adierazpenok—. "Jaurlaritzak beti esan du irtenbiderik hoberena lanpostuei eusten diena, lanpostu gehien barneratzen dituena eta jarduera industriala ahalik eta gehien mantentzen duena dela".