Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Erkorekak «basque» izatearen garrantzia goratuz eskatu die botoa gazteei

Gazteentzako ekitaldi bat egin du EAJk Bilbon, ohi baino modu informalagoan, eta gazteen beharren alde jardutea agindu duManifestu bat osatu du nortasun, lan, etxe, heziketa eta etorkizunari buruzko atalekin

EAJko Bizkaiko zerrendaburu Josu Erkoreka, atzo, gazteekin egin zuen solasaldi-mitinean. LUIS JAUREGIALTZKO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Gazteen boto bila, helburuari egokitutako formatua aukeratu du EAJk, ekitaldirako espresuki prestatutako dekorazio modernoarekin. I am basque zuen izena atzo arratsaldean Bilboko Zabalgune plazan egindako ekitaldiak. Izen horixe du EAJk gazteei begira egin eta Josu Erkoreka Kongresurako Bizkaiko zerrendaburuak gaztez inguratuta bere egindako manifestuak. Bost alorretan banatzen da idazkia, eta puntuz puntu aletu zuen Erkorekak.

«Nazioartean euskaldun gisa aurkezten dugu beti geure burua: 'I am basque', esaten dugu. Baina, jarraian, azalpen asko eman behar izaten ditugu», hala azaldu zuen leloaren zergatia Erkorekak, sarrerako funk musika isildu zenean. «Azaldu behar izaten dugu zergatik garen euskaldunak, gure identitate propioa dugula, ez garela estatu bateko edo bestekoak... Hori lehenik, eta gero, ez garela ETAkoak eta ez dugula zerikusirik haren atentatu izugarriekin». ETAri buruzko azalpenak eman beharra amaitu dela eta, gustura agertu da Erkoreka. Orain, «euskaldunak zergatik garen» azaldu behar ez izatea lortu nahi duela adierazi du: «I am basque esan ahal izatea, bestelako azalpenik eman behar izan gabe».

«Espainia eta Frantzian?»

«Beste ezer baino gehiago, identitatea da euskaldun izatea; banakoarena eta taldearena». Besteak beste hizkuntza, kultura, egitura eta erakunde propioak izatea dauzka ezaugarritzat, eta horiek atxiki nahi dituela azaldu du Erkorekak, manifestuaren lehen puntuaren berri emateko. «Gure identitatea ezabatu eta guztia homogeneizatu nahi dutenen aldean, geure izaera atxikinahi dut, eta gero, mundura zabaldu».

Atal bakoitzari buruzko azalpenen ondoren, hautagaiaren ondoan kubo itxurako eserlekuetan egon diren gazteek galdera bat egin diote. «Ados nago Euskadik lekua behar duela munduan. Baina hori posible da Espainiaren eta Frantziaren barruan egonda?», egin dio lehen galdera gazteetako batek. «Autogobernuarekin asko aurreratu da», erantzun dio Erkorekak. Hala ere, EAJk «gehiago» nahi duela eta, estatus berri baterako proposamena aurkeztu duela azaldu du: «Autogobernua areagotuko duen estatutua, eta 2015erako Euskadiri nazio gisako aitortzaemango diona, baita etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea ere. Hori da gure konpromisoa».

EAJren «kezka nagusia» dena, enplegua, da gazteei begirako manifestuaren bigarren puntua. Gaur egun lan bila ari diren lau gaztetik lana bakarrak duela azaldu, eta hori aldatzeko lan egingo duela hitzeman du.

«Etxebizitza benetako eskubide eta beharrizana da», eutsi dio hirugarren puntuari. Gazteek etxebizitza eskuratzeko duten zailtasunari aurre egiteko, alokairuaren alde egin du. «Badaude eredu aitzindariak bai Europan eta bai hemen bertan; eredu horiek aztertzeko konpromisoa hartzen dut».

Hezkuntzari dagokionez, «arazoak» ikusten ditu Erkorekak. Bereziki bi alor aldatu behar direla uste du: «Diru gehiago behar da hezkuntza sisteman, eta materiala aldatu behar da». Hezkuntzara bideratutako diru kopurua murriztearen aurka egin du, eta Finlandiako sistema eredutzat hartzeko gonbita egin du.

45 bat minutuko ekitaldiaren ondoren berriz ere musika jarri, eta jan eta edatekoa banatu dute jeltzaleek gazteen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.