Erkorekak espetxe politika malguagoa eskatu dio Raxoiri

Erkorekak esan du bai edo ez bozkatzeak ez duela zentzurik. Elkarri keinuak eginez amaitu dituzte euren hitzaldiak Erkorekak eta Raxoik.

2011ko abenduaren 20a
14:56
Entzun

EAJk abstenitu egingo da Mariano Raxoi PPko gobernuburugaiaren bozketan. Goizean hartu du parte Josu Erkoreka EAJko bozeramaileak Kongresuan, eta orduan botoa zein izango zen iragarri ez badu ere, ondoren kanpoan kazetariei esan die abstenitu egingo direla. Kongresuan egin duen agerraldian, bere agintaldia Jose Maria Aznarrena bezala ez amaitzea espero duela esan du Erkorekak, EAJren eta PPren artean bat egin ezinik. 

Mariano Raxoiren inbestiduraren bigarren saioa Josu Erkoreka EAJko parlamentariak hasi du, eta Raxoiri atzoko agerraldian Euskal Herriaz txintik esan ez izana aurpegiratu dio, lehenik. Erkorekak esan du Euskal Herrian ilusioa badagoela gaur egun bizi den egoerarekin, eta Tony Blairrek Aieteko Adierazpenaren ostean The New York Times egunkarian argitaratu zuen artikulua ekarri dio gogora. Erkorekak arriskuak hartzeko eskatu dio Raxoiri, eta ez jokatzeko inkestek esaten dutenaren arabera.

Bakeak atzeraezina izan behar duela esan du Erkorekak, eta hori egiaztatu egin behar dela gaineratu du. "Uste dugu iritsi dela espetxe politika irekiagoa eta malguagoa abian jartzeko garaian, legedia jarraituz, presoen egoera normalizatzeko". Erkorekak gogorarazi du egin zela 1999an PPrekin, Kongresuan aho batez onartutako zenbait mozioen bidez. "Eta ez dugu guk bakarrik proposatzen, Antonio Basagoitik esan zuen hori orain dela hilabete batean, kontsentsua argudiatuz". Arriskuak hartzera deitu du Raxoi Espainian erakundeetan eta beste arlo batzuetan, hedabideena azpimarratu du, duen nagusitasuna baliatuz.

Gainera, Raxoi atzo Espainiako Gobernuarenak ez diren eskumenetan sartu zela salatu zuen. Hala ere, hitzaldia amaitzean ezezkoa ez bozkatzeko konpromisoak eskatu dizkio Erkorekak Raxoiri, gogoraraziz, Kongresuan izan diren  aurreko inbestidura saioetatik erdian abstenitu egin dela EAJ, bitan alde bozkatu duela eta hirutan ezezkoa.

Erkorekak esandakoa errepikatu besterik ez du egin Raxoik

Erantzunaren txandaren hasieran Raxoik esan du ez dela berak besteen eskumenetan sartuko. Atzo egin zuen bezala, erantzuna ere ekonomian oinarritu du PPko gobernuburugaiak. Euskal Herriaz hitz egiterakoan esan du ETA ez dela oraindik desegin, eta biktimak ekarri ditu berriro gogora, parlamentariren txaloak jasoz. Erkorekari "zuhurtzia, denbora eta zentzutasuna" aipatu izana eskertu dio, eta horiek entzutea gustatu zaiola esan du. Bera zuzenbide estatuan eta legean sinesten duela adierazi du Raxoik, eta oinarri horietan EAJrekin bat egitea espero duela adierazi du.

Erkorekak ondorengo bere erantzunean esan dio Raxoiri, berak ere ETA behin betiko desagertu behar dela esan duela lehenik, eta horren harira zenbait herritan mugak daudela adierazi du. Gainera, nabarmendu du zuhurtzia aipatzearekin batera legea ere aipatu duela berak, baina espetxe politika legea betez modu zabalagoan ezarri daitekeela azaldu du. Hala ere, zuhurtziaz eta diskrezioz eurekin hitz egin dezakeela jakinarazi dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.