Transferentzien egutegia eguneratzeko bilera bat egitea adostu dute Carolina Darias Espainiako Lurralde Politika ministroak eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Gainera, Gernikako Estatutua osorik betetzeko beharra azpimarratu dute. Gaur telefonoz hitz egin dute gai horiei buruz, baina laster bilera bat egitekotan geratu dira, oraindik datarik zehaztu ez duten arren.
Erkorekak eta Dariasek adostu dute alde biko lana egingo duten talde juridiko-teknikoak sortzea beharrezkoa izango dela, transferentzia sorta bakoitza lantzeko. Erkorekak esan duenez, Eusko Jaurlaritzarentzat «premiazkoa eta lehentasunezkoa» da negoziazio hori, eta gehiago luzatu gabe ekitea espero du.
Aurrera begira, erlazio «iraunkorra» mantendu nahi dute, EAJren eta PSOEren inbestidura akordioan konpetentziei eta euskal autogobernuari buruz jasota dagoenari buruz hitz egiteko.
Erkorekaren deiaren bezperan, Espainiako Lurralde Politika ministroak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin ere telefonoz hitz egin duela esan du Erkorekak. Urkullu ere Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen iritzi berekoa da. Lehendakariak Dariasi esan dio bere «lehentasunezko helburua» dela bi gobernuek aurreko legealdian adostu zuten transferentzien egutegia betetzea. «Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutua betetzeko eskatzen duenean, legea betetzeko besterik ez du eskatzen», zehaztu du bozeramaileak. Horretarako, pausoz pauso lan egin behako dela iruditzen zaio, ez delako «zerutik eroriko».
Erkorekak ziurtatu du posible izan daietekeela 2020an Gernikako Estatutua osorik betetzea, eta Eusko Jaurlaritzak behintzat konpromisoa duela aurrera egiteko beharrezkoa den esfortzu guztia egiteko. «Egia da 2020a hauteskunde urtea dela, eta horrek gorabeherak eragin ditzakeela, baina guk gobernu zentralari konpromisoa eskatzen diogu», gaineratu du.