Josu Erkoreka EAJko diputatuak adierazi du ez duela baztertzen Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeen ondoren elkarlanean aritzea ezker abertzalearekin —hau Amaiur osatzen duten Aralar, EA eta Alternatibarekin aurkeztuko da—. TVEn egindako elkarrizketan galdetu diote ea posible izango al den EAJk eta ezker abertzaleak ituna egitea EAEko legebiltzarrean, eta Erkorekak erantzun du "elkar ulertzea" lor daitekeela baina ituna egiteko "oraindik ez dauden baldintza asko" beharko direla.
"Euskadin EAJ-PSE akordioa egin izan bada, zergatik ez du EAJren eta ezker abertzalearen arteko elkar ulertze batek egon behar?", galdetu du diputatu jeltzaleak. Gaineratu du bere alderdia ez dela "fronteak" sortzearen aldekoa.
2009ko martxoaren 1ean izan ziren Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeak. Dena dela, eta EAEko PPk Jaurlaritzari babesa kendu berri diola eta, baliteke Patxi Lopez lehendakariak bozak aurreratzea eta aurtengo udazkenean izatea.