Berri agentzia bati emandako elkarrizketa batean, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du EAJk eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean adostu duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko berriaren oinarrien dokumentua lehen fase baten emaitza dela, eta aurrerantzean horrek bat egite zabalagoak beharko dituela.
EH Bilduri eta orain artekoarekin bat egin ez dutenei —gobernuko kide diren PSE-EEkoei, bereziki— Erkorekak ohartarazi die “malguago” jokatu beharko dutela beren asmoetan legealdi hau amaitu baino lehen estatutu berri bat onartzea nahi badute.
“Ez nioke hainbesteko garrantzia emango [EH Bildurekin] lortu dugun akordioari”, esan du Erkorekak. EAJkoak uste du badagoela gainerako talde politikoen artean borondatea akordioak lortzeko, eta gogoratu du estatus politikoaren berritzea dela PSE-EErekin sinatutako koalizio akordioan jaso zuten konpromisoetako bat.
Estatutu berria, "egingarriagoa"
EAren iritziz, geroz eta "egingarriagoa" da EAJk eta EH Bilduk adostutako autonomia estatutu berri bat onartzea. Iker Ruiz de Egino EAko bozeramaileak itxaropentsu agertu da, hala ere, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos akordiora batzeko aukerarekin. Europa Pressek egindako elkarrizketan adierazi duenez, baina, bi alderdi horiekin akordioa lortuko ez balitz, EAJk eta EH Bilduk "aurrera jarraitu" beharko lukete, Gernikako Estatutua "agortuta" dagoelako, eta Jaurlaritzak oraindik 37 eskuduntza jasotzeke dituelako Madrildik.