Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak onartu du egungo garaia "egokia" dela Gernikako Estatutua berritzeko. Haren arabera, ez dago arrazoirik eztabaida "saihesteko", ez delako "logikoa" beste erkidego batzuetan gai hori "borborrean" egon eta "Euskadi isilik geratzea". Eusko Legebiltzarrean egin ditu adierazpenok.
Ohartarazi du legebiltzarrak gai horri eusten ez dion bitartean, "erronka horri aurre egiten" ez dion bitartean, Jaurlaritza "buru-belarri" ariko dela autogobernuaren alde.
Gogoan izan du duela 33 urte onartu zela Gernikako Estatutua, eta 2004an legebiltzarrak Ibarretxe plana onartu arren ez zuela erreformak aurrera egin.
Gainera, Jaurlaritzak jaso gabe dituen eskumenak lortzea "uko egin ezin zaion helburua" dela iritzi dio Erkorekak, eta argi utzi du Gasteizko gobernuak "arduratsu" jarraituko duela gaia, eskumenak urra ez daitezen.