"Kontuak onartzeko bidea ematen duen edozein jarrera, eta ez nahitaez babesa, ongi etorria izango da", esan du. Hala ere, azaldu du hurrengo asteetan "aukera guztiak" aztertzen jarraituko dutela, akordioa "ahalik eta zabalena" izan dadin.
Aurrekontu proiektua onartzea "presazkoa eta atzeraezina" da, haren iritziz. Aurrekontuak luzatzea Jaurlaritzak "nahi duen azkena" dela esan du, eta nabarmendu du "salbuespena" direla gobernua gutxiengoan izan den kasuak, nahiz eta alderdien babesa lortzeko "zailtasun batzuk" izan dituzten ehun eguneko legealdian.
PSEk zerga sisteman eskatutako aldaketen inguruan, esan du eztabaida horrek "denbora" behar duela. "Ezin da nahi izan alderdi guztiek akordioa lortu arte aurrekonturik gabe egotea".
Lopez: "PSE ez da murrizketen konplize izango"
Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak gaur ziurtatu du osoko zuzenketa baztertuko lukeetela soilik diru sarrerak igotzearen gaineko akordiorik balego. Jaurlaritzaren proiektua "zigor bat" da herritarrentzat, Lopezen arabera. Adierazi du PSE-EE ez dela "murrizketen konplize" izango.
Europa Press berri agentziari emandako elkarrizketan azaldu duenez, PSE "prest" dago zerbitzu publikoei eutsi, ekonomia sustatu eta enplegua sortuko duten aurrekontu batzuk babesteko.
PPko Antonio Basagoitiren aburuz, Urkullu lehendakariak Lopez eta bera "mahai batean" eseri beharko lituzke, eta Urkulluk mahai hori zuzendu. "Urkulluk gai izango beharko luke PP eta PSE abstentziora erakartzeko, mahai batean ataka honetatik aterako gaituen proiektu bat negoziatuz".