Zure ziztada behar dugu

Erlauntzak handituz jarraitzen du

Buruntzaldeko alkateek atxikimendua eman diote 'Zure ziztada behar dugu' kanpainari

Buruntzaldeko alkateen agerraldia, atzo, Andoainen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Andoain
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Gero eta gehiago ari dira bat egiten BERRIA Taldea diruz laguntzeko Zure ziztada behar dugu kanpainarekin. Erlauntza handituz doa. Oraingo honetan, Gipuzkoako Buruntzaldea eskualdeko alkateek eman diote atxikimendua. Euskal Herri euskaldun bat izateko «estrategikoa eta ezinbestekoa» iruditzen zaie BERRIA, eta normalizazioaren bidean urratsak egiten jarraitzeko proiektuari eustearen garrantzia nabarmendu dute.

Atzo Andoainen egindako agerraldian izan ziren Andoain, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Ereñotzuko alkateak eta Usurbil eta Astigarragako zinegotzi bana. BERRIA Taldeko kontseilari ordezkari Joanmari Larrartek eskerrak eman zizkien kanpainari atxikimendua azaltzeagatik. Gainera, diru laguntzak biltzen hasteko arrazoia azaldu zien. «Interneten eraginez, gero eta gehiago kostatzen da egunkariak saltzea, eta, krisiaren ondorioz, diru sarrerak gutxitu egin dira».

Hernaniko alkate Luis Intxauspek, berriz, herritarrek informazioa euskaraz jasotzeko duten eskubidea aldarrikatu du, eta nabarmendu du Hernanin oso errotua dagoela BERRIA. «Kanpaina sortu zenetik dago herrian taldetxo bat lanean, eta sanjoanetan txosna bat jarri zen dirua biltzeko». Intxauspek gogorarazi nahi izan du BERRIA estrategikoa dela helduak alfabetatzeko.

Andoainek BERRIArekin duen lotura nabarmendu du Ana Karrere alkateak. «Egunkariaren egoitza nagusia Andoainen egonda, beti izan da identifikazio bat. Martin Ugaldek egin zuen lotura, eta guretzat ohore handia da halako proiektu bat Andoainen izenari atxikita egotea». Pozik eman dio atxikimendua kanpainari. «Eskatzen digutena oso gutxi da, dagoen beharrerako».

Egun, jende askok Interneten irakurtzen du egunkaria. Ohitura zaharrekoa da, ordea, Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkatea. Nahiago du paperean irakurri. «Ez dut imajinatzen egun batean jaiki eta paperezko egunkaririk ez egotea. Are gutxiago, euskarazkorik ez egotea». Euskarazko hedabideak sustatzearen aldeko apustu garbia egin du. Uste du azken urteetan handitu egin dela herrian euskararen eta BERRIAren presentzia. «Euskalduntzean pauso garrantzitsuak ematen ari dira, eta euskararen kaleko presentzia sustatzeko egitasmoak ere bai: adibidez, euskararen maratoia».

Urnietako alkate Mikel Pagolak uste du udalek eredu izan behar dutela euskararen aldeko ekintzetan eta babesean. Azaldu du bertako udalak baduela konpromisoa euskarazko hedabideekin, eta urtero laguntzen duela diruz Aiurri aldizkaria. «Kritikak ere jaso ditugu horregatik. Baina argi dugu euskararen normalizazioan urratsak egiteko ezinbestekoak direla halakoak. Apustu horri eutsiko diogu».

Deia herritarrei

Astigarragako Udalak hasieratik agertu zion babesa kanpainari, Maite Olaziregi zinegotziak azaldu duenez. Udala bultzatzaileetako bat izan da beste eragile batzuk erakartzeko. Adibidez, ikastolan ere zabaldu dute kanpaina. «Egunerokoan asko erabiltzen dugu BERRIA. Ikastolan, adibidez, oso estimatua da Mantangorri».

BERRIAk gaur-gaurko gaien inguruan ematen duen ikuspegi nazionala nabarmendu du Usurbilgo zinegotzi Alaitz Aizpuruak. Herritarrak atxikimendua ematera deitu ditu: «Euskaldunon identitaterako oso garrantzitsua da BERRIA, eta funtsezkoa da denek gure ziztadatxoa egitea».

Buruntzaldekoalkateen agerraldia:

www.berria.info
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.