10:00etarako, ekitaldirako iritsitako lagunez betetako autobusak Artzain Onaren inguruetan ziren jada. Gipuzkoako hainbat lekutatik iritsiak ziren gehienak; Zumarragatik besteak beste, urtetan Munilla parroko aritu baitzen han. Baita Palentziatik ere (Espainia) - hango elizbarruti osoa etorri zen-, hango gotzain izan baita 2006tik. 10:30ak jotzerako, elizako eserleku guztiak beteta zeuden, eta ekitaldia hasterako, baita bi alboetako korridoreak eta atzealdea ere; katedrala lepo bete zuen jendetzak.
Eguerdian hasi zen hotsandiko ekitaldia, eta Juan Maria Uriarte izan zen hitza hartzen lehena. Elkarlanerako eta elizbarrutia «indartzeko» adore hitzak izan zituen gotzain berriarentzat. «Horretarako, ez zaizkizu faltako ez nire hurbiltasuna, ez nire etengabeko otoitza, eta behar duzula uste duzun heinean, nire iritzia eta aholkua». Haren ondotik mintzatu zen nuntzioa, «Donostiako eliza eraikitzeko lan nekezaren» ardura gotzain berriari emateko. Aita santuaren izendapenaren bulda irakurri ostean, 12:30ak zirela eman zizkion gotzaintzaren ikurrak: gotzain makulua eta mitra. Zortzi minutuko txalo zaparrada jo zioten eliztarrek Munillari, hunkituta, gotzain aulkian eserita zegoela. Donostiako gotzain gisa bere lehen elizkizuna zuzentzeari ekin zion gero.
Hurbiltasuna hitzaldian
Bere izendapenak eragindako polemikari ez zion erreferentzia zuzenik egin Munillak sermoian- Gipuzkoako hamar parrokotik zortzik gutuna kaleratu zuten, izendapenari buruz desadostasuna agertuz-, eta jasotako harrera eskertu zuen, bere ustez «apur bat neurriz kanpokoa» izan dela ere azaldu zuen. Bere etorrerak «espektatiba handiegiak» ez ote dituen sortu esan zuen, eta «ulerbera» izateko eskatu zien eliztarrei. «Gaur egun eragin handia dute hedabideek, eta horrek erraz laguntzen du haizezko dorreak eraikitzen; erraldoiak ikusten errotak baino ez dauden lekuan;superman izatetik urrun, bizitzako bidean beste erromes batzuk baino ez direnak handitzen, edo, akaso, gu bezala bekatari diren horiek deabrutzat jotzen». Hala, «pobre eta umil» agertu zen eliztarren aurrean. «Bere erreinuaren eraikuntzan tresna izaten asmatzea eskatzen diot Jainkoari; bere tresna izatea, ez gehiago, baina ezta gutxiago ere». Halaber, «erabat sinetsita» agertu zen «zauriak sendatzeko bidea batak bestearen alde otoitz egitea» dela, eta horretara deitu zituen eliztarrak.
Jendearekiko mintzaldi hurbilekoa egin nahi izan zuen gotzain berriak, umorea eta zenbait hitz joko tartekatuta. Ekitaldi serioaren erdian, «kontakizun barregarri» bat eskaini zien eliztarrei, eta barreekin erantzun zioten haiek.
Eliztarrez gainera, Marc Aillet Baionako apezpikua eta François Bisch eta Lionel Landart bikarioak; Ricardo Blazquez Bilboko gotzaina eta Mario Izeta gotzain laguntzailea; Francisco Perez Iruñeko artzapezpikua; eta Gasteizko gotzain Miguel Asurmendi eta elizbarruti horretako bikario nagusia, idazkari nagusia eta seminarioko errektorea izan ziren Munillaren alboan. Baita EspainiakoElizako 30 bat goi agintari ere.
Erakunde eta alderdietako ordezkaririk ere izan zen ekitaldian, tartean, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko mahaiko presidentea. Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariak eta Donostiako alkatea ez ziren joan, baina bai Donostiako Udaleko PPko hainbat zinegotzi, baita Mikel Serrano Zumarragako alkate sozialista ere. Ekitaldia amaituta, haietako batzuk eta jende andana joan ziren Munilla agurtzera.
«Elkarrekin ibiliko gara,gure aita santu maiteak eskatzen diguna onartuzeta obedituz»
JOSE IGNACIO MUNILLA
Donostiako gotzaina
113
Bertaratutako kazetariak. Munillaren izendapena jarraitzen kazetari andana batu zen. 113 lagunek eman zuten bertan egon ahal izateko izena: 11 egunkari, 11 telebista, zortzi irrati, sei aldizkari, sei berri agentzia eta bi komunikazio departamentutatik eman zuten izena.Joseba Egibar
«Euskal herritar izatearen bereizgarria lausotu nahi dute»
Munillaren izendapenak «diseinu politiko bati» erantzuten diola salatu du Joseba Egibarrek, Eusko Legebiltzarreko EAJko bozeramaileak. «Erabaki horren bitartez, euskal herritar izatearen bereizgarria lausotu nahi dute», esan du.Jose Antonio Pastor
«Sortutako zauri eta polemikak konpontzea espero dut»
PSE-EE Elizaren erabakietan ez dela sartuko berretsi du Jose Antonio Pastor eledunak. Hala eta guztiz ere, izendapenaren eraginez «sortu diren zauri eta polemikak konpontzea» espero duela adierazi du alderdiko eledunak.Leopoldo Barreda
«Hainbat buru abertzalek Francok bezala jokatu dute auzi honetan»
Alderdi abertzaleetako hainbat buruk, Donostiako gotzain berria «kontrolatu nahian, Francok bezala» jokatu dutela salatu du Leopoldo Barreda EAEko PP-ko eledunak. Munilla gotzain izendatu izana erabaki «ona» dela adierazi du.Mikel Arana
«Eskuin muturrean dago Munilla abortuaren eta halako gaietan»
Jose Ignacio Munillak abortua, homosexualitatea edota transexualitatearen inguruan egin dituen adierazpenak direla eta, «eskuin muturrean kokatua» dagoela salatu du Mikel Aranak, EBko koordinatzaileak.Munillaren izendapena kritikatu dute kalean
Transexual, bisexual, gay eta lesbianen askatasuna errespetatzeko eskatu diote ElizariMikel Peruarena. Donostia
«Ez dugu nahi Donostian homofoboa, lesbofoboa eta transfoboa den obispo bat». Argi eta zorrotz, hala mintzo ziren Donostiako Artzain Onaren katedralaren kanpo aldean atzo bildu ziren manifestariak. Medeak taldeko Josebe Iturriozek azaldu zuen, eskuko bozgorailutik, protestaren arrazoia: «Hemen gaude, Munillaren izendapena salatzeko. Ez dugu ulertzen zergatik izendatzen den pertsona bat giza eskubideen aurka dagoena». Zuen zerua, gure infernua. Homofobia, lesbofobia, transfobia, ez hemen ez inon zioen pankartaren atzean, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzain berria «heterofaxista» dela salatzera batu ziren 60 bat lagun. TransMarikaBolloFeminista koordinakundeak —Bilgune Feminista, EHGAM, Garaipen eta Medeak taldeak biltzen ditu— antolatutako elkarretaratzea 11:30ak aldera hasi zen. Gay askapenaren aldeko banderak eta abortuaren eta masturbazioaren aldeko aldarriak erakutsi zituzten, besteak beste. Ertzainek albo batera eraman zituzten, eta han egon ziren, ordu erdiz oihuka: «Transfobiarik gabe, askoz hobeto!», «Obispoak erdituko balira, abortua sakramentu litzateke!», «Ellakuria gehiago, Munilla gutxiago!».
Tentsioa, eskuindarrekin
Munillaren aldekoak eta kontrakoak batu ziren Artzain Oneko atarian. Palentziatik (Espainia) lau autobus beteak iritsi ziren, esaterako. Haiek ere entzun zituzten manifestarien aldarriak, elizarako bidean. Batzuk, apal, Munillari babesa ematera joan ziren, baina beste batzuk harro jarri ziren manifestarien aurrean. Protestan ari zirenak «Ama Birjinak abortatu egingo luke» oihuka hasi zirenean sortu zen tentsiorik. Elkarretaratzetik hamabost metro eskasera zeuden dozena erdi bat gazte manifestariengana hurreratu ziren, mehatxuka. Ertzaintzak baztertu zituen. Manifestarien aurkako irainen artean joan ziren. Azkenean, bakean amaitu zen saioa. Manifestari batek esan zuenez: «Haiek hemen egon nahi zuten, eta guk ere bai; behintzat ikusi gaituzte».