“Inoiz baino biziago gaude”. Hala adierazi dute gaur goizean Ernai eta Aitzina gazte erakundeetako kideek, “Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzeko bidean bulkada berriekin abiatzeko testuinguruan” daudela. Datorren urtean 40 urte beteko dira Jarrai ezker abertzaleko lehen gazte erakundea sortu zenetik, eta, urteurren horren harira, hainbat egitasmo jarriko dituzte martxan: “40 urte luze hauetan ibilitako militante guztiona izatea nahi dugu”. Baina urteurrena, ospakizunetarako baino gehiago, “dinamika lau haizeetara zabaltzeko” baliatu nahi dute bi erakundeetako kideek. “Herriz herri, auzoz auzo edo sortzen diren egitasmoetan parte hartzeko gonbidapena egin nahi dugu”.
Begirada etorkizunean jarrita, “belaunaldi ezberdinen arteko zubiak eraiki eta indartu” nahi dituzte, gazte belaunaldi berriei “antolakuntza eta borrokarako espazio berriak irekitzeko”. Horretaz gain, 40 urteotako kontakizuna bilduko duen liburu bat ere idazten ari dira, “urte hauetan protagonista izan diren gazteen memoria osatzeko”. Azkenik, datorren apirilean milaka gazte batuko dituen Gazte Topagune “erraldoi” bat antolatzen hasita daude Ernai eta Aitzinako kideak.
Urteurrena indartzeko baliatu nahi dute, “herri honekiko konpromisoa hartu duen belaunaldi berria” direlako. Bulkada berri baten beharra ikusten dute egungo testuinguruan, eta, egoera ikusirik, “indartsu eta irudimentsu” ekiteko garaia dela era aipatu dute agerraldi publikoan. Dena berrasmatzeko garaia baita, euren ustez.