Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok Ernai gazte antolakundearen webgunea ixteko agindu du, Xabier Lopez Peña goraipatzen duelakoan.
Espainiako Poliziak Nafarroan duen agintaritzak igorri zion txostena Auzitegi Nazionalari, eta horren arabera hartu du epaileak erabakia. Webgunean Lopez Peñaren argazki bat ageri zen "Agur eta ohore" esaldiarekin, eta horrekin "terrorismoa goratu" ote den ikertzen ari da epailea. Velascok berak aztertu zituen Lopez Peñaren hilotza Euskal Herriratzerakoan egin zizkioten omenaldiak.
Autoak dio gazte antolakundearen webgunea itxiko dutela "delituzko goratzearen arduradunak ezagutzeko ikerketak jarraitu bitartean". Hiru eguneko epea dago erabakiaren aurka helegitea jartzeko.
Apirilaren 16an, epaile horrek galdeketa egin zion Sortuko Bizkaiko koordinatzaileorde Iker Rodrigori, hark antolatu zituelakoan omenaldiak. Guardia Zibilak atxilotu zuen Rodrigo hilaren 15ean. Sortuk eta Lopez Peñaren senideek ukatu egin zuten Rodrigok omenaldiak antolatu izana, eta libre utzi zuten, baina, besteak beste, pasaportea kendu zioten eta Espainiako Estatutik ateratzea debekatu zioten.
200 pertsona inguruk egin zioten ongietorria Lopez Peñaren hilotzari Sondikako aireportuan aurrena eta Galdakaoko hilerrian gero.
Ernai: "Konponbide prozesuak aurrera egin dezan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu"
Gazte antolakundeak prentsa ohar baten bitartez adierazi du Espainiako Gobernua konponbide prozesua "blokeo egoeran" mantentzeko "ahaleginak eta bi" egiten ari dela. "Iraganeko garaien eta errezeten yonky dira Rajoy eta enparauak". Eta gizarteak gatazka behin betiko konpontzeko "urrats positiboak" exijitzen dituen bitartean, Madrilen eta Parisen "beste aldera begira jarraitzeko" hautua egin dutela esan du Ernaik. "Konponbide prozesuaren aurrean duten jarrera arduragabe horren ondorioz hil zuen Xabier Lopez Peña euskal preso politikoa espetxe politika kriminalak", adierazi du.
Gaineratu du egoera horiek salatzeagatik eskubideak sistematikoki urratzen jarraitzen dutela Espainiako Estatuko "aparatu guztiek", ezker abertzalea "kriminalizatuz" bere posizioa "ahuldu" nahian. "Hobe luke Espainiako Gobernuak arduragabekeriak alde batera utzi eta konponbidearen aldeko urratsak emango balitu". Salbuespen legedia bertan behera utzi eta Auzitegi Nazionala ixtea aipatu dituzte.
Ernaik konponbide prozesuak aurrera egin dezan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten duela jakinarazi dute. "Hori delako Euskal Herriko gazteriak nahi duena. Hori baita Euskal Herriko jendarteak exijitzen diguna". Eta horretarako, "antolatzen eta borrokatzen" jarraitzea dela bidea adierazi dute.