Ekintza ikusgarria egin du gaur goizean Ernaik Iruñean, Nafarroako Diputazioaren eraikinean. Egun hauetan ereinozduna ken daitekeen aztertzen ari dira zenbait teknikari, memoria historikoaren legea betearazteko. Horretarako jarri dituzten aldamioetan pankarta erraldoi bat zabaldu du gazte erakundeak, "ikur faxista guztiak" kentzeko eskatuz. Faxismoa zapaldu, Nafarroa askea eraiki.
[YouTube]https://youtu.be/vey__fPgAMU[/YouTube]
Ereinozduna 1937an Francisco Franco diktadoreak Nafarroari eman zion San Fernandoko gurutzea da; 36ko gerrara joandako boluntario nafarrek kolpe militarrari emandako babesagatik eta gerran egindakoengatik eman zuen. 1951n, orduko Nafarroako Jauregiaren frontoian, Fructuoso Ordunak egindako eskultura ezarri zen. Bertan, janzkera klasikoa duten bi gizonen artean Nafarroako ezkutua dago gurutze ereinozdun horrekin.
Herenegun jarri zituzten Nafarroako Diputazioaren aurrean aldamioak, eta atzotik ari dira teknikariak ikur frankista hori nola kendu aztertzen. Helburua da ereinozduna kentzea, eta, posible izango balitz, teknikariek adierazi dute bi edo hiru asteko epea beharko lukeela horretarako. Teknikoki posible ez balitz, ordea, harmarriari berari kalte egingo liokeelako, ereinozduna estaliko dute. Ikurren foru legeak eta memoria historikoaren foru legeak ikur frankistak kentzeko agindua ematen duenez, hala ebatzi zuen ekainaren 29ko gobernuaren kontseiluak.