Gizartea

Ernalketa lagundua zabaltzea erne zainduko du Les Bascos elkarteak

Ostegunean aztertuko dute Frantziako Asanblean, bioetikari buruzko lege proiektuaren baitan.

jarraia171163.jpg
2019ko irailaren 16a
07:35
Entzun

«Herrialde irekienen eta progresistenen parte izanen gara». Ernalketa lagundua emazte guziei zabaltzea urrats garrantzitsua da Beñat Gachen Les Bascos elkarteko lehendakariarentzat. Horregatik, erne jarraituko dute ostegunetik aitzina Frantziako asanblean aztertuko duten biotekari buruzko lege proiektua: zenbait puntu zehaztea nahi dute, eta espero dute ez dela -2012an ezkontzarentzat bezala-, kontrakoen mobilizazio handirik sortuko.

Orain arte, antzutasun arazoak zituzten bikote heterosexualek baizik ez zuten ernalketa lagundurako aukera Frantzian. Gainerako emazteek, ahal bezala egiten zuten, lagun edo ezagun bati laguntza eskatuta, ezezagun bati interneten gametoak erosita, atzerriko klinika pribatu batera joanez.

2019 bukaerarako, ernalketa lagundua emazte guziei zabaltzera engaiatu zen Emmanuel Macron Frantziako presidentea iazko udazkenean. LGBT elkarteek eta mugimendu feministak lege berezitu bat nahi zuten, baina, buruzko lege proiektuaren baitan sartu dute azkenean. Uztailaren 24an aurkeztu zuten Frantziako ministroen kontseiluan. Lehen lau artikuluetan, medikuntza bidezko haur sortzearen eskubidea emazte guziei zabaltzea aipatzen du; gameto emaitearen eta kontserbazioaren baldintzak finkatzen ditu; helburutzat hartzen du, medikuntza bidez sortutako haurren eskubideen aitortza; emazte bikoteen kasuan, medikuntza bidez sortutako haurren gurasotasuna onartzeko bidea irekitzen du.

Les Bascos eta Planning Familial elkarteek aitzinamendutzat jo dute lege proiektua, hala ere, zenbait puntuk kezka sortzen die. Gurasotasunari dagokionez, emazte bikoteen kasuan, aitzinetikako borondate adierazpen bat izenpetzea eskatzen du lege proiektuak, haurra izanen duen emaztearen bikotea ere guraso gisa aitortua izan dadin. Adierazpen hori baldintza gisa ezartzekotan, ernalketa lagundua erabiltzen duten emazte guzientzat ezartzea nahi lukete, bikotekidearen sexua kontuan hartu gabe.

Bestalde, lege proiektuak, eskubidea ematen dio haurrari, 18 urte betetzerakoan, gameto emaileari buruzko informazioak lortzeko. Horren ondorioz, orain arteko gameto bilketak deuseztea aurreikusi du lege proiektuak. Les Bascos eta Planning Familial, haurra gameto emaileari buruz informatzearen alde dira, baina baldintzak zehaztea beharrezkotzat jo dute. Halaber, orain arte emandako gametoak deuseztearen kontra agertu dira, «galtze» handia litzatekeela ebatzita. Emaileak galdezkatzea proposatu dute, haien gogoak ezagutzeko, eta, emaileak biderkatzeko sustapen kanpainak egitera deitu dute.

Azkenik, medikuntza bidezko haur sortzea erabili nahi dutenei ebaluaketa psikologikoa egitearen kontra agertu dira.

Ahalak dituen ospitalea

Bi elkarteen hitzetan, legea ez da «osoa». Haurrak ernaltzeko aukera atxiki duten gizon transexualen kasua, «legelariak baztertu du erabat», salatu du Gachenek. Bestalde, heriotz baten ondorengo ernalketa lagundua ere ez dute aipatzen. «Gaur egun, emaile bat hiltzen bada, bere gametoak erabili daitezke. Haatik, bikote batean gameto emailea hiltzen bada, emazteak ez ditu gameto horiek erabiltzen ahal».

Azkenik, zerbitzu publikoa indartzeko beharraz abisatu: “Gaur egun, Espainiar estatuko klinika pribatuetara joaten dira medikuntza bidez haurra izan nahi duten emazteak. Sekulako negozioa egiten dute. Guk uste dugu publikoak bermatu beharko lukeeen eskubide bat dela. Gaur egun, zinezko arazo bat bada ospitale publikoarekin: ahal gehiago behar dira”, azaldu du Nadine Leonard Les Bascos elkarteko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.