Euskal polizia integrala du helburu Ernek, sindikatuak berak ohartarazi duenez. Baina "ETAren aitzakiapean" zenbait eskumen gauzatu gabe izan dituela salatu du, eta sindikatuak nahiko lukeen polizia eredutik urrunduta egon dela Ertzaintza. ETAk jardun armatua behin betiko utzi duela iragarri ondoren eredu hori aldatzeko unea dela uste du sindikatuak, eta saio horri ekin dio.
Duela urtebete hasi zen aurrera begira nahi duten polizia ereduari buruz hausnartzen, eta, lanketa luze baten ondoren, modu zabal eta sakonean egingo du hausnarketa: polizia ereduari buruzko jardunaldiak egingo ditu datorren asteko asteazken eta ostegunean, Bilboko Euskalduna jauregian.
Eztabaida gizartearekin batera egin nahi duela azaldu du sindikatuak. Hori dela eta, askotariko gonbidatuak izango dituzte jardunaldiek. Estefania Beltran de Heredia Segurtasunerako sailburuak egingo du irekierako hitzaldia; legebiltzar talde guztietako ordezkariek euren azterketa egingo dute, Julen Arzuaga EH Bilduko ordezkariak barne; eta Alemaniako zein Suizako polizien sindikatuetako ordezkariek euren ereduen berri emango dute.
Bigarren egunean, Arartekoaren, Amnisty Internationalen, Lokarriren eta Emakunderen ordezkariak arituko dira, besteak beste, eta Joaquin Gimenez Espainiako Auzitegi Goreneko epailea, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea, Margarita Uria CGPJko kidea, Juan Kalparsoro EAEko fiskalburua eta Xabier Arzoz Espainiako Auzitegi Konstituzioinaleko abokatua ere arituko dira.
Jardunaldiak aurkezteko agerraldian, Iñigo Cabacasen heriotzari dagokion auziaren aipamena egin dute sindikatuko ordezkariek. Diligentziak ahalik eta lasterren amai daitezela espero dutela esan dute, instrukzioa "oztoporik gabe" egin dadila nahi dutela, eta sindikatuak ikerketa hori amaitzean emango duela bere iritzia, ez lehenago.
Ertzaintza
Erne sindikatuak bestelako polizia eredu bati buruz hausnartuko du hainbat gizarte eragilerekin
ETAk jardun armatua amaituta Ertzaintzaren jardunak aldatu egin behar duela uste du Ernek; gizartearengandik gertuago egongo den, indarkeria "ahalik eta gutxien" erabiliko duen eta prebentzioan oinarrituta egongo den polizia ereduaren aldeko apustua egin nahi du. Ertzaintzak zein bide hartu behar duen aztertzeko, jardunaldiak egingo ditu datorren astean Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu