Roberto Seijo Erneko idazkari nagusiak salatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren antolaketa sistema berria "kaosa" dela funtzioen banaketari dagokionez, eta, horren ondorioz, Ertzaintza "egoera oso larrian" dagoela. Herritarrei ematen zaien zerbitzuan eragina du horrek, Seijoren arabera.
Adierazi duenez, duela zazpi hilabete martxan jarritako planak "gezur handi" bilakatu ditu Jaurlaritzak esanak —gertukoa izango zen Ertzaintza diseinatzeko asmoa agertu zuen—. Seijok dioenez, kaleko patruila batzuk "desagertu" egin dira, eta 300 ertzain gutxiago dira.
Abuztuaren 30ean, elkarretaratzea egingo du sindikatuak, 19:30etik 22:30era, Barakaldoko BEC erakustazokaren parean (Bizkaia). Munduko Saskibaloi Txapelketa jokatuko da egun horretan.