Ernest Maragall (PSC): "Ez nuke arazorik erreferendumean baiezkoa bozkatzeko"

Kataluniako Generalitateko Hezkuntza sailburu ohiak ez du bere burua nazionalistatzat, baina BERRIAren 'Igandea' gehigarriari emaniko elkarrizketan argi du Espainiarekiko harremanak aldatu beharra dagoela, eta horregatik egin du itun fiskalaren aldeko apustua; "elkarbizitza ulertzeko beste modu bat da ituna".  Horrek porrot eginez gero, erreferendumean baietz bozkatzeko arazorik ez lukeela dio. Elkarrizketaren zati bat, BerriaTBn.

arantxa elizegi egilegor
2012ko irailaren 10a
15:32
Entzun

PSCko ildo katalanistaren ikurretako bat da. Pasqual Maragall anaiaren agintaldian Hezkuntza sailburu izandakoa ez dago gustura Kataluniako Alderdi Sozialistak hartutako bidearekin, hala aitortu dio Igandea-ri. Ernest Maragallek (Bartzelona, 1943) argi du PSCk ez duela etorkizunik gizartearen nahiei entzungor egiten jarraitzen badu.

Azken hilabeteotan, nora ezean dabilen ontzi bat izatea egotzi zaio maiz PSC Kataluniako Alderdi Sozialistari. 

Nahasmena dago, eta bidea aurkitzeko zailtasunak. PSC bere historian harrapatuta dago; alegia, federalismoaren kontzeptuan. Arazoa da zaharkitutako kontzeptu horrek egiten duela PSOErekiko zubi lana, eta horrek nora ezean uzten ditu sozialista katalanak. Gaur egun ez du zentzurik PSCk ez ulertzea alderdi katalana izan behar duela soilik, gai guztietan, zentzu guztietan eta ondorio guztiekin. Eta existitzen jarraitu nahi badu, Kataluniako ezkerraren alternatiba izan nahi badu, ulertu behar du bere etorkizuna gizarte horri eta nazio horri lotuta dagoela. Alderdiko egungo buruzagitza ez dator bat ideia horrekin, eta horregatik dabil nora ezean. Behar dena da gutxiengoak hitza hartzea eta bere usteak, nahiak, helburuak ahots altuan aldarrikatzea.

PSCk aldendu egin beharko luke, beraz, PSOEtik...

Ez, kontua ez da aldentzea. Argi geratu behar du ez garela PSOE, eta ez garen unetik, elkar ulertu ahal izango dugu behar dugun guztian. Ideiak partekatu ahalko ditugu, baita hainbat gaitan ados egon ere... Baina beti aurretiazko eta beharrezko baldintza horrekin: egiazko alderdi bat izatea, guk eta soilik guk geure buruari jarritako mugekin, eta mendekotasunik gabe. PSCk gizartearen nahiei entzungor egiten badie, baztertuta jarraituko du. Ezin da jokatu pentsatuz gizartearen babesa ziurra dela, babes hori jabetza balitz bezala. Huts hori garesti ordaintzen da. Askotan eztabaidatzen da alderdiek goitik mugarik ote daukaten, eta Alderdi Sozialista laster ohartuko da ez duela mugarik behetik.

Antoni Castellsek, PSCko kideak, aipatu zuen bere garaian ezkerreko mugimenduak bilduko zituen plataforma bat sortzeko beharra. Hortik sortu zen Plaça21. Zein helburu ditu horrek?

Eztabaidarako eta gogoetarako plataforma da Plaça21. Haren helburua da era askean nahi duen orok bere ideiak plazaratzea, eta neurri batean behintzat, pentsamendu politikoan eragina izatea. Orain, gure asmoa ez da hauteskundeetan lehiatzea. Baina argi dago ezkerreko jarrera aurrerakoiez ari garenean halakoak beharrezkoak direla pentsamolde desberdinetako pertsonek euren ideiak trukatzeko.

Gaia aldatuz, eta atzera eginez, zuk bere garaian itun fiskalaren alde bozkatu zenuen, PSCren irizpideen aurka. Zergatik?

Itun fiskalaren alde bozkatu zuten beste hiru alderdik ere, eta haren aldekoak ziren PSCko asko;  baina buruzagitza bat ez zetorrenez bi edo hiru gaitan, aurka bozkatzea erabaki zuten. Nik, ordea, sinesten nuen eta sinesten dut eskaera horren alde egon beharra dagoela, irtenbide posible bat eskaintzen diolako Kataluniaren gisako subjektu politiko bati finantzaketaren auzian. Gainera, testua ez zegoen lege moduan artikulatua; gehiago zen parlamentuaren jarrera zehazten zuen testu bat. Horregatik, halakoetan hor egon beharra dago, eta bakoitzak dituen xehetasunak aldarrikatu, eta, batez ere, elkarlanean aritzeko prest egon ituna estatuko institutuekiko balizko akordio bilakatzeko, nahiz eta zaila izan hori lortzea. Dena den, beharrezkoa iruditzen zait halako gaietan denok aho batez hitz egitea. Gai izan behar dugu herrialde guztiari dagozkion gaietan identifikatuko gaituzten jarrera komunak aurkitzeko. Hori lortutakoan, negoziazioetan sendo agertu ahal izango gara, bi aldeei argi uzteko gure atzean herrialde oso bat dagoela.

Benetan uste duzu itun fiskalak arrakasta izan dezakeela, Katalunia eta Espainiaren arteko harremanak dauden moduan egonda?

Estatutuaren kasuan, Espainiak aho batez bota zuen atzera gure asmoa, zeinak asko zuen eskaintzatik, baina kasu honetan ez du zentzurik metro bakoitza, euro bakoitza negoziatzen aritzeak. Beraz, eta ikusita ez garela gai hura konbentzitzeko, agian herri gisa aurkeztu behar dugu gure asmoa, eta Espainia beste erantzun bat ematera behartu. Haren erantzunaren arabera, argi geratuko da etorkizuna Kataluniarekin partekatu nahi duen edo ez. Itunak konfederaziorako bidea ematen du, pareko diren bi subjektu politikoren, bi nazioren elkarbizitzarako bidea. Horregatik diot ituna ez dela eskaintza bat estatutuaren modukoa, elkarbizitza ulertzeko modu bat baizik. Horrek guztiak Konstituzioaren testuinguruaren eta nazioaniztasunaren kontzeptuaren hausnarketa ere eskatzen du, noski.

Eta horrek porrot eginez gero?

Horrek arrakastarik ez badu, independentismoak indarra hartuko du. Zenbaitek sinetsarazi nahi dute hau sukar bat besterik ez dela, denborarekin desagertuko dena. Eta egia da politikan joan-etorri asko daudela. Baina zenbaitek denbora lortzeko erabiltzen duten taktika horietatik haratago, uste dut ezin dugula bazter utzi gizartean sakon errotuta dagoen mugimendu hori. Ezin dugu jokatu egongo ez balitz bezala, egon badagoelako eta denborarekin sendotu egingo delako. Egia da mugimendu horrek ez duela islatuko duen eta haren izenean lehiatuko den alderdi politikorik. Ikusi beharko da alderdiak mezua entzuteko gai diren, gurea barne, eta eskakizunaren pareko eskaintza bat egiten duten. Nik, egia da, nahiago nuke konfederazioan oinarritutako irtenbide bat, Katalunia subjektu politiko gisara kontuan hartuko lukeena.

Independentziari buruzko erreferendum batean zer bozkatuko zenuke?

Lehenik eta behin, lan egin dezagun erreferenduma egin behar den edo ez galdetu ahal izateko. Manifestatzeaz eta eskatzeaz gain, estatu kultura izan behar dugu zentzu guztietan. Hala egokituz gero, eta beste aukerek porrot egin badute, ez nuke arazorik izango erreferendumean baiezkoa bozkatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.