Sei hilabeteren buruan, erabakita geldituko da Iruñeko Erorien Monumentuaren etorkizuna. Horretarako, ideia lehiaketa bat antolatu nahi du Iruñeko Udalak udazken honetan, proposamenak jaso eta bost proiektu finalisten artean hautatzeko. Iruñeko Udalak aukera guztiak aztertuko ditu: eraikina bere horretan uztea —baina ikur frankistak kenduta—; eraikina guztiz eraldatzea, edo hura bota, eta eremua berritik urbanizatzea. Hautatutako bidea edozein delarik ere, proiektu guztiek "esanahi berria" eman beharko diote espazioari, "memoria historikoarekin bat etorrita".
Egitasmoa gaur aurkeztu dute Iruñeko alkate Joseba Asironek eta Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi Joxe Abaurreak. Aurretik, elkarte memorialistei aurkeztu diete proposamena, eta gaurko Hirigintza Batzordean eztabaidatuko dute. Beharrezko babesa lortuz gero, urrian abiatuko da prozesua, eta heldu den urteko apirilerako amaitu.
Aurkeztutako proiektuetatik bost hautatuko ditu Iruñeko Udalak, eta jendaurrean ikusgai paratuko ditu. Bigarren fasean, hasierako proiektuak garatu eta hainbat kontu zehaztuko dituzte finalistek: inguruko urbanizazioa, erabileraren zehaztapena, inbertsioaren doikuntza, aurrekontu xehatua... Azkenik, proiektu irabazlea izendatuko du epaimahaiak.