Hamabost urte daramatza Txernobilgo (Ukrainia) umeak Euskal Herrira ekartzen Enrique Angulok. Kutsatutako gunean bizi diren zazpi ume izan ditu Euskal Herrian, eta bidai bat baino gehiago egin ditu Txernobilera. Gertutik jarraitzen du hango egoera. Bizi duten kinka larriaz ohartarazteko kontzentrazioa egingo dute gaur Bilbon, 20:00etan,Guggenheim museoaren parean.
Zer datorkizu burura Txernobil aipatzean?
Txernobil aipatzean burura datozkit herritarrak, kaltetutako gunean bizi diren neska-mutikoak, eta, bereziki, harrera programetan hartzen ditugun umeak.Izan ere, gezurra badirudi ere, 25 urte ondoren istripuaren ondorioak ageri-agerian daude oraindik.
Nola gogoratzen duzu istripua?
Istripuaren berri jakin genuen hemen, baina informazio falta handia zegoen. Orduan iluntasun hura leporatzen zitzaion Sobiet Batasunaren erregimen ohiari. Orain ikusten ari gara historia errepikatzen dela.
Noiz, eta zergatik, erabaki zenuten elkarte bat sortzea hango herritarrei —eta bereziki umeei— laguntzeko?
Hondamendien ondorioak oraindik ez dakizkigu erabat. 1996an deialdi batzuk izan ziren nazioartera begira hango herritarrei laguntzeko. Dei hari jarraituz, elkarte bat osatu genuen, eta harrera familia moduan eman genuen izena. Gero eta gehiago sartu gara hango egoeran, eta orain gure elkartea osatu dugu, Txernobilgo Umeak. Eta jarraitzen dugu lanean.
Zuek gertutik jarraitzen duzue kutsatutako gunearen egoera. Iaz egin zenuten azken bidaia bertara. Nola ikusi zenuten egoera?
Jendeak bizimodu normala egiten du han. Behar handiak dituzte, eta pobrezia latza. Erradioaktibitatearekin bizitzera ohitu dira, eta onartu dute ukrainiar estoizismoarekin. Izan ere, era guztietako zoritxarrak igaro dituzte ukrainiarrek: II. Mundu Gerra, jazarpena, kontzentrazio eremuak… Ia-ia haien kulturaren parte da estoizismo hori, eta horren barruan bizi dituzte hondamendi nuklearraren ondorioak ere.
Haiek normaltzat jotzen badute ere,egoera ez da batere normala ezta?
Ez, noski. Gu segituan ohartzen gara egoera arraroa dela. Odola isurtzen duzu sudurretik oso aise, eztarriko azkurea izaten duzu. Eta benetan pena ematen dizu seme-alabatzat dituzun adin txikikoak han utzi behar izateak, egoera tamalgarri horretan bizitzen. Han astebete egonda ondorioak txikiak dira, baina urte osoan, pentsa! 30 kilometroko eremuan ezin da bizi teorian, baina 600 bat lagun bizi dira, nahiago dutelako epe luzean erradiazioz hil epe motzean gosez hil baino.
Oraindik kaltetuak eskatzen ari dira laguntzak eta kalteordainak.
Bai, entzun dut nazioarteko konferentzia bat egiten ari direla nazioarteko laguntzak bideratzeko kaltetuei laguntzera. Badirudi Japoniako Gobernua zela diru gehien jartzen zuena, eta orain Japoniak orain nahikoa du berearekin, jakina. Beraz, orain zeinek ordainduko du sarkofagoaren gainean eraikitzen ari diren beste sarkofagoa? Barre egiten dugu negar ez egiteagatik. Egoera izugarria da.
Zein dira umeen osasun arazo nagusiak?
Umeek duten arazo nagusia da defentsa sistema oso kaltetua. Horregatik, edozein gaixotasunek —gripe batek, adibidez— arazo asko eragin ditzake.
Txernobilgoaren ostean Fukushimakoa gertatu da. Zer iritzi duzu?
Nik pertsonalki oso iritzi argia daukat. Baina erakunde moduan umeen harreraz arduratzen gara, eta saiatzen gara hortik ez ateratzen. Baina egoera orokorra negar egiteko modukoa da. Horregatik, urteurrenaren harian elkarretaratze bat antolatu dugu Bilbon, herritarrei oroitarazteko Txernobilgoa oraindik dagoela dagoen bezala. Eta bertan Fukushimakoei ere elkartasuna adieraziko diegu, historia errepikatzen ari delako. Badakigu energia nuklearrak zer egiten duen: irabaziak pribatizatzen ditu, eta kalteak sozializatzen.
Enrique Angulo. Txernobilgo Umeak elkarteko lehendakaria
«Erradioaktibitatearekin bizitzera ohitu dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu