Erradiografiak eta analitikak digitalizatzen hasi da Osakidetza, eta, horri esker, 2011. urte bukaeratik aurrera, edonork ikusi ahal izango ditu bere erradiografiak eta analitikak Interneten, pasa-hitz baten bidez. Oraingoz, dena den, ez dituzte eman xehetasun askorik egitasmo horren inguruan. Gasteizko Txagorritxu erietxeko zuzendari Rafael Sanchez Bernalek eman zuen atzo asmo horren berri, Rafael Bengoa Osasun sailburuak Txagorritxura egindako bisita baten harira.
Erradiografiak digitalizatuta dituzte gaur egun jada Osatek-en eta Osakidetzako ia ospitale eta osasun etxe guztietan, baina oraindik ez daude ikusgai sarean. Bidasoa, Zumarraga, Debagoiena eta Mendaroko ospitaleetan ere irudi erradiologiko digitalekin egiten dute lan gaur egun, baina oraingoz ez dute erradiografiak gordetzeko unitaterik garatuta, Rafael Bengoa sailburuak jakinarazi duenez.
18 milioi euroko inbertsioa
Urtero 3,3 milioi erradiografia egiten dituzte Osakidetzako osasun zentroetan, eta horrek 3,5 milioi euroko kostua eragiten du. Hala, digitalizazioaren ondorioz, diru kopuru hori aurreztea lortuko duela aurreikusi du Bengoak. 2007an hasi ziren erradiografiak eta analitikak digitalizatzen, eta orain arte prozesu horretan 18 milioi euro gastatu dituzte, sailburuak emandako datuen arabera. Dena dela, diru hori berreskuratzen hasiko direla gehitu du, erradiografiak inprimitzeari uzten diotenean.
Erradiografiak eta analitikak Interneten jarriko ditu 2011n Osakidetzak
Erradiografiak digitalizatzearen ondorioz, urtero 3,5 milioi euro aurreztuko dituela aurreikusi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu