Olatzagutiko Portlanden fabrikan hondakinak erretzearen kontrako 3 Mugak Batera plataformak manifestatzera deitu herritarrak, datorren larunbatean. 19:00etan herriko plazatik Errausketarik ez lelopean abiatuko da protesta.
Manifestazioari atxiki zaizkio, besteak beste, Greenpeace, Lurra, Gurelur, Ekologistak Martxan, Sustrai Fundazioa, Zero Zabor, EHNE, Sakanako udalak eta eskualdeko turismo partzuergoak eta landetxeen elkarteak.
Plataformako kideek adierazi dute agerian gelditu dela Portlandek hondakinak kudeatzearen alde egin duen apustua, gaur Olatzagutiko kultur etxean egin duten agerraldian. "Tafallaldeko Balioztatze Planta baztertu ostean, FCCk itsu-itsuan jo du Portlanden fabrikan hondakinak erre ahal izateko baimenak eskuratzera. Dagoeneko, 20.000 tona zabor eta beste 16.500 tona lohi, plastiko eta pneumatiko erretzea eskatu du", azaldu dute.
3 Mugak Batera plataformak gogorarazi du inguruko udalen gehiengoak eta mankomunitateek, baita Nafarroako beste zenbait eskualdetako udalek ere, baztertu dutela jarduera hori Sakanan egitea. "Osasunerako txarra da, eta kaltegarria izango da beste sektore ekonomiko batzuetarako eta garapen eredu alternatiboak garatzeko", dio plataformak.
Ekintzaileek jakinarazi dute enpresak proiektua ez inposatzeko hitza jan eta proiektua udalaz gaindikoa izendatzeko eskatu duela, eta Nafarroako Gobernuak men egin duela. Horregatik, "udal autonomiari eta herritarren borondateari egindako eraso hori salatzeko", mobilizatzera deitu dituzte herritarrak.