Errauste planta gelditzeko eskatu dute milaka lagunek Sakanan

Olatzagutian martxan jarri nahi duten errauste plantarekin herria «gaixotu» egingo dela salatu dute herritarrek

Hiru mila herritar inguru batu ziren atzo iluntzean Altsasun errauste plantaren proiektuaren aurka. IDOIA ZABALETA / ARP.
Inigo Astiz
Altsasu
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Maiatzean jaso zuen Olatzagutian (Nafarroa) dagoen porlan fabrikak hondakinak errausteko baimena. Erabaki horren aurka daudela adierazi nahi izan dute, ordea, Sakanako herritarrek. Hiru mila pertsona inguru elkartu ziren atzo Altsasun, Olatzagutian hondakinen errauste labea jartzearen kontrako herritarren plataformaren deiari erantzunez. Lana bai, pozoia ez,Errausketa, ez eskerrik asko, Arnas hartu nahi dute eta horrelako leloak zituzten afixak zeramatzan jendeak, manifestazioaren buruan zen lelo nagusiaren atzean —Errausketarik ez Cementos Portlanden—. Jendetza bildu zen, eta Nafarroako Gobernuari planta gelditzea galdegiteko paperak ere bukatu ziren manifestazioa amaitu eta berehala.

«Errauste plantak herria gaixotu egingo duela ziurtatzen dute milaka mediku ikerketak». Hori da Porland enpresan errauste planta martxan jartzearen aurka bildutakoek hedatu nahi izan zuten mezu nagusia. Errausketak herritarren osasunari eta ingurumenari kalte egingo diola, alegia.

Hori da arrisku nagusia, eta hori da eragotzi beharrekoa, manifestazio bukaeran irakurritako testuan egindako salaketaren arabera. Kristina Lizarragak irakurri zuen agiria, errauste plantaren aurkako herritarren plataformaren izenean, eta hainbat talde ekologistak, sindikatuk eta udalek egin zuten bat deialdiarekin. «Erraustea arriskutsua da osasunarentzat eta ingurumenarentzat, eta hondakinak kudeatzeko erarik jasangaitzena da».

Fetuetan malformazioak sortzeko arriskua handitu egiten du inguruan errauste gune bat izateak, protestaren antolatzaileek esandakoaren arabera. Hori da, haien hitzetan, orain arteko ikerketek erakutsi dutena, eta kasu batzuk ere aipatu zituzten. Seulgoa da bata, eta Bilbokoa bestea. Hego Koreako hirian, 300 bat pertsona gaixotzen dira urtean errauste planten ondorioz sorturiko gaixotasunak direla-eta, antolatzaileen datuen arabera. Bilboko kasuan, berriz, Zabalgarbiplantaren enpresaren ikerketak aipatu zituzten antolatzaileek errausketak eragin ditzakeen kalteen frogatzat. Kutsaturik daude haren inguruko lur sail guztiak, enpresak berak egindako azterketaren arabera. «Halako jarduera bat ondoan izanda, nekez bizi daitezke elkarrekin nekazaritza, abeltzaintza, esneki industriak, ostalaritza, turismoa eta abarrekoak».

Gobernuaren irizpideen aurka

Gobernuak ezarritako irizpideen kontra eraikitako proiektua ere bada errauste labearena, gainera, antolatzaileen aburuz. Nafarroako Hondakinen Kudeaketarako Planean zehazten denaren aurkakoa; haren arabera, izan ere, hondakinak kudeatzeko sortzen diren azpiegiturek ez dute kalterik eragin behar lurrean, pertsonengan, paisaian, landaredian edo animaliengan. «Beharrezkoa» da irizpide hori, planaren testuaren arabera. Baina, Olatzagutiko kasuan, Sakanako hainbat herri urez hornitzen dituen urtegi baten ondoan eraikiko dute errausketa planta, baita hiru natur parketik gertu, eta hirigune batetik distantzia txikira.

Bada esperantzarako tarterik ere, ordea, Olatzagutiko errauste gunearen aurkakoen ustez. Bierzon (Espainia), esaterako, urteetako borrokaren ondoren, geldiarazi egin dute porlan enpresa batean errauste planta bat martxan jartzeko asmoa. Eta Sakanan ere horixe bera lor daiteke, antolatzaileen hitzetan. «Halako kasuekin argi ikusten da gelditu egin daitekeela hau guztia eta gelditu egin beharra dagoela».

«Zikin» jokatu du porlan enpresak, bestalde, protestaren antolatzaileen ustez. Salatu dute herrian errausketaren aurka sinadurak biltzeko utzitako paperak kendu egin dituela kaleetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.