Astigarragako eta Lasarte-Oriako udalen mankomunitateko ordezkariak aldatu dituzte EAJk eta PSE-EEk, juntako karguak aldatzeko. Zergatik aldaketa hori orain?
Lan txukuna egin dugulako bota nahi gaituzte, eta alternatiba martxan jarri dugulako. Gainera, beldur dira, lege arloan egin dugun lanagatik. Beti dago arriskua epaileren batek zerbait esateko, Txingudin gertatu den bezala. Txingudi [Gipuzkoako Hondakinen] Partzuergoan sartzeko modua baliogabetu du epaileak, behin-behinean. Errauste planta egiteko erabaki guztiak Txingudi bertan zela hartu ditu partzuergoak. Lortuko bagenu epaile batek hori bertan behera uztea, hankaz gora botako genuke guztia.
Hainbat auzi daude zabalik hondakinen kudeaketaren inguruan. Zer uste duzu etor daitekeela hortik?
Badakigu zeinen aurka goazen. Izatekotan, [Espainiako Auzitegi] Gorenean lortuko da zerbait. Arazurin lortu zuten biometanizazio planta gelditzea, %80 eraikita zegoenean. Beste zailtasun batzuk ere badauzkate, finantzaketa lotzeko eta. Finantzatu ahal izateko, behar-beharrezko dute, 25-30 urtean, Gipuzkoan sortuko diren hondakin guztiak haiei ematea. Atez atekoa horregatik da etsaia haientzat, hondakinak gutxitu eta birziklatze bidean jartzen dituelako. Azken finean, errauste plantaren eredua kinka larrian ikusten dutelako botako gaituzte. Legealdiari gelditzen zaion honetan, ahalik eta gauza gehien lotu nahi dute. Haien ereduak errefus kopuru handiak izatea bultzatu nahi du, erretzeko.
Beste argudio batzuk eman dituzte EAJk eta PSE-EEk: kudeaketa txarra eta iluna egin duzuela, ez dela bat etorri Gipuzkoako xedeekin...
San Markoren kudeaketa argia izan da; alde egin aurretik, auditoria bat agindu dugu, eta hor agertuko da agertu behar duena. Bestalde, gurea ez da kudeaketa bikoiztea: guk alternatiba proposatu dugu, gaikako bilketa kopuruak igoz eta errefusa gutxituz. Eta hori lortu dugu, Gipuzkoako erakunde gehienak kontra izan arren. Legedia alde izanez gero, bi urte nahikoak izango lirateke Gipuzkoa osoko hondakinen arazoari irtenbidea emateko.
Zer da legedia alde izatea?
Esate baterako, organikoa gaika biltzen duten udal edo mankomunitateak laguntzea, edo errefusa sortzen duenari zigorrak jartzea, eta diru hori erabiltzea gaikako bilketa egiten duenari laguntzeko. Adibideak ikusi ditugu Italian eta Katalunian, eta emaitza izugarriak lortzen dira. Italian, eskualde bakoitzean, helburu batzuk bete behar dituzte, eta iristen ez direnek zerga bat ordaindu behar dute. Hemen justu kontrakoa egiten da. Atez atekoa egiteko ontzien erosketa ere inpugnatu egin dute Donostiako eta Astigarragako udalek. Eta, gero, legez kontrako lehiaketa bat atera du Donostiak; 2001etik, legez derrigortua dago organikoa gaika biltzera, eta ez du bildu. Eta salatu dugu hori ere.
Aurkeztu berri duzuen beste salaketa baten arabera, San Markok ez du eskumenik zaborrak errausteko eta, beraz, partzuergoak ere ez ditu...
Gure abokatu taldearen arabera, mankomunitateak ez du hondakinen aprobetxamendurako eskumenik; udalek dute. Hor sartzen da konpostatzea, eta energia sortzeko erraustea. Ikusiko dugu nora iristen den auzi hori.
Horrek ekar dezake mankomunitateko hondakinak ez erretzea?
Noski. Eta, dagoeneko, Txingudiko hondakinak erretzerik ere ez lukete izango, horrek dakarren finantzaketa arazoarekin. Gipuzkoako herri guztiak behar dituzte errauste planta finantzatzeko.
Zer aldatu da mankomunitateko zuzendaritza hartu zenutenetik?
Hasi ginenean, tamalgarri zegoen. Bunker bat zen hau; mankomunitatearen eta herritarren interesak defendatu ordez, enpresa batenak defendatzen ziren. Horri buelta eman nahi izan diogu. Hona sartu aurretik sinesten genuena defendatu dugu, hemen ere, azken muturreraino. Nahiz eta erakunde boteretsu batzuek behin eta berriro muturrean eman diguten, ez gara kokildu.
Zer aldatuko da asteartetik aurrera?
Saiatuko dira, lege arloan, mankomunitateak jarritako helegite guztiak atzera botatzen. Orain etorriko den aldaketa hau edonoiz etor zitekeen: beti eduki dugu gehiengo oso justua. EAJ eta PSEren artean adostutako estrategia da: prest daude errauste planta egiteko behar den guztia egiteko, eta traba egiten duena bidali behar bada, hori egingo dute.
Uste duzu mankomunitateak atez atekoaren aurka joko duela?
Saiatuko dira, baina ez dugu ikusten arriskurik. Atez ateko bilketa etorkizuna da. Debagoieneko mankomunitatean, lortuko dugu legealdi honetan hastea. Horrek garrantzi handia du.
Zer gelditu zaizue egiteko?
Konpostatzeko planta. Markel Olanok, ahaldun nagusi izateko, Ezker Batuaren boza irabazteko, sei milioi euroko diru laguntza hitzeman zuen, konpostatze plantarentzat. Azkenean, ez hiru milioi, ez ezer: zero euro izan dira. Hori bakarrik ez: Usurbilen egin nahi zen konpostatze planta behin-behinean gelditzea lortu zuten. Hori izan da lortu ez dugun gauza bat. Eta behar dugupartzuergoarekin independentzia maila bat; hondakinak haiei ematen badizkiegu, ez dugu jakingo zer gertatzen den hondakinekin.
Juntako karguak aldatzeko, Alderdien Legeaz baliatzea egotzi diote EAJri
Partzuergoak salatu du atez atekoarekin kalitate gutxiko organikoa biltzen ari dela, baina udalek ukatu egin duteM. P. Donostia
«EAJk esaten du ezker abertzalea politika egiten ikusi nahi duela. Hemen horixe egin dugu». San Marko mankomunitateko presidente eta Usurbilgo zinegotzi Imanol Azpirozek alderdi jeltzaleari aurpegiratu dio PSE-EErekin bat egitea, «mankomunitatea PSEri emateko». Alderdien Legeaz eta ezker abertzalea zenbait udaletan legez kanpo egoteaz baliatzea ere egotzi dio EAJri.
Hiru urtez, mankomunitateak gaikako bilketa sustatu duela nabarmendu du Azpirozek, eta birziklatzearen alde egin duela, atez ateko hondakinen bilketa ezagutarazi duela, San Markoko zabortegia itxi duela, eta etxean konposta egiten duten familien kopurua bikoiztea lortu duela. «Etxeko lanak eginda» utziko du ezker abertzaleak mankomunitatea, Azpirozen hitzetan. Ohartarazi du errauste plantak, eta hura kudeatzen duen Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak, «arkitektura juridiko ahula» dutela eta, finantzaketa arazoez gainera, «auzitegietatik muturrekoren bat» jasotzeko arriskua dutela.
Bestalde, partzuergoak atzo kritikatu zuen atez ateko bilketa egiten duten herriek oso kalitate eskaseko organikoa biltzen dutela, eta alferrik galtzen dela. Oiartzungo Udalak erantzun du %96tik gorako araztasuna lortu duela Hernani eta Oiartzungo gai organikoaren bilketak, orain arte egin diren azterketen arabera.