HONDAKINAK

Errauste plantak minbizia kasuak %3,5 ugaritzen dituela ohartarazi du OEITk

Gizakien osasunean sortzen dituzten kalteak kontuan hartuta, hondakinak tratatzeko beste metodo batzuk aztertzeko eskatu du mediku taldeak.

Mediku taldea, errauste plantak osasunean dituen ondorioen berri emateko agerraldian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
2016ko otsailaren 2a
07:24
Entzun

Erraustegia dagoen lekutik hamar kilometroko erradio batean gaixotasunak “areagotu” egiten direla zehaztu du taldeak, eta “tumoreak, umeen hormonetan bestelakotzeak, hilkortasun tasen gorakada edo arnas aparatuko arazoak” ere ematen direla esan du OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak. Gaineratu duenez, errauste plantek airera isurtzen dituzten sustantziek eragiten dituzte gaixotasun horiek: “Errautsek, eskoriak eta tximinitik isurtzen diren gasek”.

2004tik 2015eko azarora nazioarteko datu base zientifikoetean egin dituzten ikerketak oinarri hartuta eman ditu datu horiek OEITk Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean egin duen agerraldian. Maialen Berridi medikuak azaldu du, hiri hondakinak erretzeak osasunean “kalteak” eragiten dituela. “Azterketetan lotura zuzena ikusten da errauste planten eta minbizia kasuen igoerarekin eta minbizia kasuen heriotzarekin, gaixotasun cardiobaskularrekin edo beste hainbat gaixotasunekin”.

Hainbat datu ere eman dituzte OEITko kideek. Esaterako, leuzemia kasuak %21 areagotzen direla nabarmendu du Berridik, pleura minbizi kasuak %84 eta behazuneko minbizia kasuak %24.

Errauste plantak beruna, dioxinak, aerosol eta dioxido karbono gasak eta “ezagutzen ez diren beste hainbat produktu” isurtzen ditu airera taldeko medikuen arabera, eta horrek gaixo kopurua ugaritu egiten duela nabarmendu dute. Xabier Mitxelena medikua “bereziki kezkatuta” agertu da erraustegiek sortzen dituzten errautsekin, “tratatu ondoren ere arrisku handiko produktua delako”.

Hori dela eta, hondakinak tratatzeko errauste planta ez den beste metodo bat bilatzeko galdegin diete Gipuzkoako agintariei, “guztiaren gainetik osasuna dagoelako”. Edonolako azpiegiturak edo planak ezartzerakoan “arduraren printzipioa” ezartzeko eskatu dute medikuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.