2010eko lehenengo hilabeteotan hasi nahi dituzte errauste planta egiteko lur mugimenduak Zubietako gainetan (Donostia). Hori egin ahal izateko, lurren desjabetzeei ekiteko eskatu dio modu formalean Gipuzkoako Hiri Hondakinen Partzuergoak herrialdeko Foru Aldundiari.
Herenegun iluntzean, berriz,batzarra egin zuten Partzuergoko ordezkariek, eta, Aldundiari errauste plantaren inguruko proiektuak aurkeztu ostean, lur jabetzeekin hasteko eskaria egin zioten. Modu horretan, formalki helduko diote errauste planta egiteari.
Aldundiak prozedura azkarrez abiatu nahi du desjabetze prozesua, eta gehienez sei hilabeteotan amaitzeko asmoa du, Partzuergoak ohar batean jakinarazi duenez. Hala ere, Partzuergoak uste du epeak aurreratu ahal izango dituztela, lur jabeek lurrak mugitzen hasteko baimena emanda. Modu horretan, hurrengo urteko lehen hilabeteotan hasiko lirateke errauste planta eraikitzeko lanak.
San Markos auzitara
Bestalde, Hiri Hondakinen Partzuergoa aztertzen hasi da San Markoseko Mankomunitatea, eta Usurbilgo Udala auzitara eramateko aukera. Izan ere, Partzuergoaren iritziz, bi erakunde horiek «Gipuzkoako gainerakoekin hartutako konpromisoen aurka doazen erabakiak» hartzen ari dira.
Usurbilgo Udala hondakinen gaikako bilketari ekin dio aurten etxez etxe, eta, modu horretan, hondakinen %80tik gora birziklatzen ari dira. San Markoseko Mankomunitateak babestu egiten du. Dagoeneko mankomunitateko beste bi udal ere etxez etxeko bilketa hasiko dira egiten 2010ean: Hernani eta Oiartzun.
Errauste plantarako desjabetzeak hasteko eskatu du Partzuergoak
San Markoseko Mankomunitatea eta Usurbilgo Udala auzitara eramatea aztertzen ari da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu