Errauste plantaren atzeratzeari eutsi dio Alduntzinek

Gipuzkoako Ingurumen diputatuak dio ez dutela kalte-ordainik eman beharko Zubietako egitasmoa geratzeagatik

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Juan Carlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak berretsi egin du Zubietako errauste plantaren proiektua atzeratzeko borondatea. Aurreko foru gobernuak planta eraikitzeko lanak hasi zituen iragan legegintzaldian; obrekin aurrera egin baino lehen, ordea, egungo foru gobernuak proiektua «behar den bezala» aztertu nahi duela adierazi du Alduntzinek. Lanak geldirik dauden bitartean, herritarren artean errauste planta eraikitzearen gaineko eztabaida sustatzeko asmoa dutela azaldu du.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan atzo eginiko agerraldian eman zituen azalpenok Alduntzinek. Oroitarazi zuenez, proiektua atzeratuta, iragan maiatzaren 22ko udal eta foru bozetarako Bilduk hauteskunde programan agindutakoa beteko luke Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proiektua bost urtez luzatzeko asmoa azaldu zuen Bilduk programan.Nolanahi ere, atzo Alduntzinek ez zuen eperik aipatu.

Lanak atzeratzearen gaineko erabakia hartzea Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari dagokio, baina luzapena «lehenbailehen» emateko nahia adierazi du Alduntzinek. Gainera, lanak gelditzen badira horiek egiteko ardura duten enpresei ez zaiela kalte-ordainik ordaindu beharko erantsi du. Hondakinen kudeaketan denbora aurka dutela aitortu du, eta, horregatik, arazo horri aurre egiteko foru gobernuak «lehenengo egunetik» lanean diharduela ziurtatu du: «Kontu honekin ez dugu geldirik geratzeko inongo asmorik». Horren harira, adierazi du Bergarako konpostatze planta egiteko lanak aurreratzen ari direla eta Lapatxeko (Azpeitia) plantarentzat irtenbide bila dabiltzala.

Aurreko aldundiak eginiko hondakin plana kritikatu du Alduntzinek, plan horretan aurreikusitako zabor kopurua ez dela sortu argudiatuta. Haren iritziz, datu hori «aintzat hartu beharrekoa» da, horren arabera egin behar baitira kudeaketa planak eta azpiegiturak.

Kezka EAJn

EAJko Gipuzkoako batzarkide Xabier Ezeizabarrenaren arabera, kezkagarria da aldundiak Zubietako errauste planta egiteko lanak atzeratzeko asmoa: «Kezka handia sortzen digute errauste plantaren atzerapenak ekonomian zein hondakinen kudeaketan izan ditzaketen ondorioek». Alduntzinek lanak gelditzeak ez duela kosturik eragingo esan badu ere, Ezeizabarrenak adierazi du EAJk lan egingo duela balizko kostu hori saihestearen alde. Hondakinen arloan Gipuzkoako Foru Aldundiaren jokabidea salatu du Ezeizabarrenak, eta haren kudeaketak ez duela norabiderik nabarmendu du: «Foru Aldundiaren gaitasunik eza nabaria da».

Gipuzkoako zaborraren gainean «premiazko erabakiak» hartzeko eskatu dio aldundiari Mikel Duran PSE-EEko batzarkideak. Duranek oroitarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du 2012ko ekainetik aurrera ez duela Gipuzkoako hondakinik jasoko, eta egoera horren inguruan zein neurri hartuko dituen galdetu dio Duranek Gipuzkoako Diputazioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.