"Errauskailurik ez: ez Zubietan, ez beste inon". Hala aldarrikatu dute gaur goizean Gipuzkoako hainbat udaletako ordezkariek. Haien arabera, errauste planta ez da hondakinen arazoaren konponbidea, eta gainera, "mehatxua" da pertsonen osasunerako eta ingurumenerako. Donostia, Usurbil, Hernani, Astigarraga, Andoain eta Lasarteko udal ordezkariek egin dute agerraldia.
Plantek sortzen dituzten kea eta hondakinak "toxikoak" direla iritzi diote —ikerketek frogatutzat ematen dutela diote—. Hori horrela, gizarte osoari eta batik bat ordezkari politikoei eta herrialdeko erakundeei "arduraz" jokatzeko deia egin diete, eta berma dezatela herritarren osasunerako eskubidea.
Azken hilabeteetan planta egiteko lanak geldirik egon badira ere, uste dute inguruko herritarrentzat "mehatxua" hor dagoela oraindik: "Ez dugu mamua uxatzea lortu, bertatik bertara dugu, etxe alboan".