Errauste plantaren kontrako indar politikoek hartu dute San Markosko (Gipuzkoa) Mankomunitateko zuzendaritza, BERRIA egunkariak gaurko zenbakian aurreratu duen bezala. Izan ere, gaur arratsaldean egin dute batzarrean, EBko ordezkariak hartu du lehendakari kargua: Ricardo Ortega Lasarte-Oriako zinegotziak. EAE-ANVk, berriz, lehendakariorde eta gordailuzain karguak hartu ditu. Bi alderdi horietako ordezkariak ados jarri ziren atzo.
San Markosko Mankomunitateko Batzarreko gehiengo osoa dute biek: EBk bost ordezkari eta 47 boto, eta EAE-ANVk zazpi ordezkari eta 39,5 boto; guztira, 86,5 boto, gehiengo osorako behar diren 79 botoak aise gaindituta. Hiri hondakinen kudeaketaz arduratzen den Gipuzkoako mankomunitaterik handiena da San Markos.
Lehendakariorde kargurako Imanol Azpiroz Usurbilgo zinegotzia eta Zubietako Herri Batzarreko alkatea proposatu du EAE-ANVk, eta onartu egin du batzarrak. Ortega eta Azpiroz errauste plantaren aurkako herri mugimenduan ibiliak dira azkeneko urteotan.
Gordailuzain izateko, berriz, Pavel Viñas Oiartzungo zinegotzia aurkeztu du EAE-ANVk, eta balekoa eman dio batzarrak.
EBk eta EAE-ANVk Gipuzkoako beste mankomunitate bat eskuratzeko asmoa dute, eta, horrela, herrialdeko mankomunitateen %53 euren esku legoke. Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusiak esana du mankomunitateen iritzia kontuan hartuko duela errauste plantaren gaian -EAJ jartzearen aldekoa da-. Imanol Azpirozek hori gogorarazi dio gaur.
Partzuergorako ere adostasuna
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergora joango diren hiru ordezkariak ere hautatu dituzte gaurko bilkuran. Horrerako ere ados jarri dira EB eta EAE-ANV. Hala, ordezkari bat EBkoa izango da eta beste bat EAE-ANVkoa. Bestea, PSE-EEkoa.
Gizartea
Errauste plantaren aurkakoek gehiengoa lortu dute San Markosko Mankomunitateko zuzendaritzan
EBk hartu du lehendakari kargua gaur arratsaldean, eta EAE-ANVk lehendakariorde eta gordailuzain postuak, bi alderdiak adostasunera iritsi ondoren. Hiri hondakinen kudeaketaz arduratzen den Gipuzkoako mankomunitaterik handiena da San Markos.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu