Errauste plantaren zepak eraikuntza lanetarako berrerabili nahi dituzte

Plantak 9 hektarea izango ditu Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lortu duten akordioarekin

AINHOA SARASOLA IÑAKI PETXARROMAN DONOSTIA
2008ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Zubietako gainetan (Gipuzkoa) egin asmo duten errauste plantatik sortuko liratekeen zepak edo eskoriak eraikuntza lanetan berrerabiltzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren asmoa. Hala jakinarazi zuten Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorrerako diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko lehendakariak eta Denis Itxaso Donostiako Ingurumen zinegotziak atzo, bi instituzioek egindako akordioaren berri ematearekin batera. Hitzarmenarekin, errauste plantak eta hari lotutako azpiegiturek bederatzi hektareako eremua hartuko dute; hasieran aurreikusi baino hektarea eta erdi gehiago, alegia.

Errauste plantaz gain, biolehortze planta bat, zepak tratatzeko beste planta bat, ingurumenerako interpretazio zentroa eta GHKren bulegoak biltzen ditu egitasmoak. Ormazabalen hitzetan, zepak errepideetan edo eraikuntza materialak -adreiluak- egiteko berrerabili ahal izango dira zepak tratatzeko plantari esker. Errauste plantatik aterako diren zepa guzti-guztiak berrerabiltzea da agintarien asmoa, haren hitzetan. Errausketaren zepak urtean 60.000 tona inguru izango direla uste dute; tratatutako hondakinen %25, alegia.

Hala, zepak eraikuntzan «hormigoizko aurrefabrikatuak sortzeko ordezko agregakin moduan erabil daitezen», hainbat erakunderekin jarri da harremanetan GHK, Ormazabalek azaldu zuenez. Horien artean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetza, Foru Aldundiko Ingurumen departamentua, Gikesa laborategia, eta siderurgia agregakinak tratatzen dituen Hormor enpresako ordezkariak Herrialde Katalanetan izan direla zehaztu zuen, errausketaren zepak tratatzeko bi plantatan. Bertatik tratatutako zepa multzo bat ekarri zuten saioak egiteko eta, horren lekuko, hormigoizko aurrefabrikatutako bloke bat erakutsi zuten atzoko agerraldian. Ormazabalek aurreratu zuenez, Jaurlaritzak aurki aurkeztuko du mota horretako hondakinen erabilpena arautuko duen dekretua.

Zepak tratatzeko planta eraikitzeko 18.000 metro koadroko lur saila beharko dela eta bertan eraikiko dutena 8.000 metro koadrokoa izango dela aurreikusi dute egitasmoaren arduradunek.



BEDERATZI HEKTAREAKO EREMUA. Hasiera batean, errauste planta eta hari lotutako azpiegitura guztiak 7,5 hektareako gune bakar batean egiteko asmoa zuten, Artzabaletako ingurunean. Baina, akordio berriaren arabera, bi plataformatan banatuko dituzte azpiegitura horiek guztiak. Guztira, bederatzi hektareako lur eremua hartuko dute bi horiek. Artzabaletako plataforma bost hektarea ingurukoa izango litzateke, eta han errauste planta bera eta biolehortze planta eraiki nahi dituzte. Lau hektarea izango lituzke Zubietako gainetako beste eremuak, eta han, berriz, zepak tratatzeko planta, interpretazio zentroa eta bulegoak jarriko lituzkete. Gune horren aldamenean egitekoak dira espetxe berria eta industrialdeak.

Aldaketa Donostiako Udaleko Hirigintza Departamenduak proposatu zuela azaldu zuen Itxasok. Gune bakarra zena bitan banatzeak «bost edo sei milioi euroko aurrezpen ekonomikoa», lanen epeak bizkortzea eta ingurumen eraginak murriztea ekarriko duela esan zuen zinegotziak. «Neurriokin hiru faktoretan aurrezten ari gara: denbora, dirua eta ingurumen eragina. Eta nabarmen ari gara hobetzen egitasmoa. Aurrezpenok nahikoa erakargarriak dira egitasmoa berriro planteatu eta pieza batzuk beste eremura eramateko».

Egun garrantzitsutzat jo zuten atzokoa bi arduradunek. Akordioa azaltzeko egun ezin hobea, Itxasoren ustez, atzokoa Ingurumenaren Eguna zela eta. Datorren astean bilduko da partzuergoa, eta behin egitasmoaren azken dokumentua aurkeztuta, ingurumen baimenak eskatzen hasiko dira. Planta 2012. urte amaieran nahi dute martxan.



maria zaloña Nekazaritza ingeniaria

«Inork ez du ziurtatzen material hauek batere toxizitaterik ez dutenik»

I. Petxarroman

Donostia

San Markosko Mankomunitateak eta Asmoz fundazioak hautetsientzat antolatutako jardunaldi batzuetan hitzaldia egin zuen Maria Zaloña ingeniari agronomoak atzo. Zaloña Matarokoa da (Bartzelona, Herrialde Katalanak), eta urteak daramatza hondakinen gaia aztertzen. Ez du sinesten amaieran oinarritzen diren zabortegi eta errauste planten tratamenduetan.

Atzo Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak azaldu zuten Zubietako errauste plantak sortuko dituen zepak adreiluak egiteko baliatuko dituztela. Zer iruditzen zaizu?

Mataron duela hamar urtetik gauza bera egiten dute, eta ez dira saltzen, eta zailtasun handiak dituzte merkaturatzeko. Uste dut eraikuntzako hondakinak baliatu beharko liratekeela zeregin hauetan: errepideetan, eraikuntzako betelanetan... Hondakin hauetarako zabortegiak aurkitzeko zailtasun handiak daude. Orain beste produktu bat izango da, harekin lehiatzeko. Irteera artifiziala iruditzen zait, eta oztopo bat sortzen du eraikuntzako hondakinak berrerabili edo birzkiklatu ahal izateko.

Baina irteera bat eman behar zaie erraustetik sortzen diren hondakinei?

Hain zuzen ere. Errausteak hondakin ugari sortzen ditu, eta haiek han eta hemen zabaltzeko modu bat da hau: airera, lurrera... Egia da, erraustetik sortzen diren hondakinei irteera eman behar zaie, dela zabortegia edo dela horrelako zerbait. Mataron zepak tratatzeko plantaren aurkako salaketak izan dira, zeren materia hauek igaro diren prozesuan osagai toxikoak daude.

Esan daiteke zepa hauek erabiltzea arriskutsua dela pertsonen osasunarentzat?

Ez dakigu. Zergatik ez dute gai kutsatzailerik izango? Ez nuke nahi arrazoirik gabeko alarmarik sortu gai honekin. Baina ez dakigu. Duda dago, eta dudaren aurrean prebentzioa litzateke zuhurrena, ze inork ez digu ziurtatzen material hauek batere toxizitaterik ez dutenik.

Beste kontu bat da errautsekin zer egin. Hor ez dago dudarik toxizitatea badagoela, ezta?

Bai, hala da. Errautsetan toxizitatea biltzen da, eta haien manipulazioa kontu handiz egin behar da. Nik Mataron ikusi ditut estalkirik gabeko kamioiak errautsak garraiatzen. Astakaria handiagorik! Hauen tratamendua oso serioa da, eta kontu handiarekin egin beharrekoa.

Azkenean, zabortegi bat behar da errauste plantarekin batera.

Bai, jakina. Hobe ez bagenu halakorik sortuko, baina sortuz gero, bai errautsak, eta baita zepak ere, zabortegira eramango nituzke. Edozein modutan, hondakin toxiko arriskutsuak segurtasun neurri bereziekin gorde behar dira.

Zer iruditzen zaizu, Katalunian duzuen esperientziatik abiatuta, Gipuzkoan errauste bidezko tratamendua lehenestea zaborrentzat?

Amaierako tratamenduak amaierakoak izan behar dira. Alegia, saiatu behar da haien aurretik beste tratamendu batzuk martxan jartzen, haien bidez ahalik eta zabor gehien kudeatzeko. Erraustea ez da irtenbidea. Hemen orain hasi dira materia organikoarekin, eta uste dut prozesu baten hasieran daudela. Beraz, ahalegina egin beharko litzateke beste sistema batzuk ezartzeko, eta murriztu bai zabortegien eta baita errauste planten eragina. Eta batere ez badago, hobe. Alternatibak badaude. Egia da lan asko falta dela egiteko, baina borondate politikoa eta konbentzimendua eduki behar da alternatiba horiek ezartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.