Erraustearen aurkako soka tenkatu egingo dute Donostian, giza katean

Datorren igandean atzerapena eskatzera deitu du Gipuzkoako erraustearen aurkako koordinakundeak

Erredakzioa
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Zubietako (Gipuzkoa) errauste plantaren aurkako giza katea egingo dute hilaren 11n, 11:30ean, Kontxako hondartzan (Donostia). Hala, Gipuzkoako Erraustearen Aurkako Plataformen Koordinakundeak protestarekin bat egin dezatela eskatu die erraustea baztertu eta hondakinen bestelako kudeaketa baten aldeko apustua egiten duten herritarrei.

Gizarte eragileen artean, behintzat, babes zabala izan du ekimenak. Sindikatu guztiek babestu dute, UGTk izan ezik, eta talde ekologistak ere aldeko agertu dira, Greenpeace, Eguzki eta Ekologistak Martxan tarteko.

Errauste plantaren atzerapena eskatzeari eutsiko diotela adierazi dute, hartarako aukera badela nabarmendu baitute. Gainera, denbora tarte horrek atez ateko hondakinen bilketa lurraldeko herri guztietara zabaltzeko astirik emango duelakoan dira. Ibilbide hori herriz herri «eskatu, sustatu eta kontrolatu» behar dela erantsi dute, pauso egokiak une egokian eman daitezen. Izan ere, kolore guztietako alderdiak hondakinak gutxitzearen aldeko agertzen diren arren, pausorik eman ez izana egotzi diete politikariei.

Hauteskundeetatik harago

Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeen emaitzek errauste plantan izan lezaketen eragina ere balioetsi dute koordinakundeko kideek. Argi ikusi dute beraiek gipuzkoarren hautua: «Erraustearen aldeko apustua egin duten aukera politikoek jipoi galanta jaso dute, eta hondakinen kudeaketa zentzuzkoagoaren aldekoek, berriz, hartu dute agintea foru aldundian eta udal gehienetan».

Aldaketa «ezin positiboagotzat» jo duten arren, Bildurekin biltzeke dira oraindik, hartarako eskaera egina duten arren. Hortaz, koalizioaren urratsik antzeman ezean, errauste plantaren proiektuak aurrera dirauela eta «arazoa ez dagoela konponduta» ohartarazi diete herritarrei. Mobilizaziorako deia egin dute, agintariei «erraustearen aurkakoek hor jarraitzen dutela eta hor jarraituko dutela» erakusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.