Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako Diputazioak iragarritako plangintza ez da PPren gustukoa. Erraustegia egiteko kontratua laster esleituko dutela jakitun, eta horrek herritarrengan izan dezakeen eraginaz kezkatuta, premiazko proposamen bat aurkeztu du PPk Batzar Nagusietan. Jakina denez, Diputazioak Zubietako Hondakinen Zentroaren finantzazioa eta kudeaketa enpresa pribatuen esku uzteko asmoa du, 35 urtez ustia dezaten. Horretarako, Gipuzkoako erakundeek urtero-urtero 35 milioi ordaintzeko aurreikuspena egin du diputazioak —1.200 milioi euro, guztira—, berdin hondakin asko edo gutxi kudeatuta, tarifa ez baita aldatuko tratatutako hondakin kopuruaren arabera.
Eredu horrek PP ere larritu du. Aurretik EH Bildu eta Ahal Dugu ere kontra azaldu dira. Juan Carlos Canok Batzar Nagusietan erregistratutako proposamenaren arabera, "berebizikoa da saihestea erabaki oker batzuek gipuzkoarren patriketan izan ditzaketen ondorio negargarriak". Izan ere, diputazioak hautatu eta iragarri duen sistemak "gainkostu" bat dakar herritarrentzat, PPren aburuz, eta, gainera, "desmotibazioa" ekarriko du urtetik urtera handitu beharko liratekeen birziklatze datuetan. Gaur egun hondakinen erdiak gaika biltzen dituzte Gipuzkoan. Horren ondorioz, PPk eskatu du esleipen kontratu hori aldatu eta ez oinarritzeko zentroaren "erabilgarritasunean" baizik eta kudeatutako hondakinen kopuruaren arabera.