GHK-ko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Saileko buru ohien aurka joko du kontsortzioak, aurreko agintaldian Zubietako errauste planta geratzeagatik "eragindako kalte ekonomikoa" euren gain har dezaten. GHK-ko batzarrak onartu du gaur goizean Espainiako Kontu Auzitegian auzi-eske bat jartzea, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak (PSE-EE) eramandako proposamena onartuta. PSE-EEko eta EAJko batzarkideek bozkatu dute alde eta EH Bildukoek aurka. GHK-k bihar arteko epea du demanda aurkezteko.
Batzarraren ostean egindako agerraldian Asensiok adierazi du Iñaki Errazkinek eta Ainhoa Intxaurrandietak "ardura kualifikatua" izan zutela erraustegiaren proiektua gelditzeko erabakian, eta horregatik haien kontra jo dute. Dirua itzultzeko prozedura irekiko dute euren aurka, Diputazioko iturriek argitu dutenez.
Erraustegiko proiektua geratzeagatik hainbat enpresari (FCC, Zerbitzu, Altuna y Uria, Murias eta AE&E Innova) emandako 8,2 milioi ez ezik, diputazioak eskatuko die bere ustez erabaki horrek eragindako kalte ekonomiko osoa ere euren gain hartzeko: 40 milioi euro, bere kalkuluen arabera. Besteak beste, swap finantza produktu espekulatiboek eragindako kaltea haiek euren gain hartzea nahi dute diputazioko agintariek, nahiz eta produktu horiek aurreko agintariek sinatu zituzten, EAJ agintean zegoenean.
EH Bilduk babestu egin ditu Intxaurrandieta eta Errazkin, eta "mendeku" bila aritzea leporatu die EAJ eta PSE-EEri. Errazkinek eta Intxaurrandietak "herri mandatua betez" jardun dutela adierazi du Bilduk, eta epaitegiak "interes alderdikoietarako" erabiltzea egotzi die diputazioko agintariei.