Ingurumena

Erraustegiak kutsaturiko erreka «lehengoratzeko» eskatu dio Eguzkik Donostiako Udalari

«Beste aldera begiratzeari uzteko» esan diote erakundeari, isuria eragin zuen planta eta Arkaitzerrekaren beraren zatirik handiena Donostiako lurretan daudelako.

Aingirak, hilda, Arkaitzerrean, maiatzaren hasiran. EAM
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 26a
14:34
Entzun

Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) azpiko Arkaitzerreka errekastoan arrain ugari hilik agertu ziren maiatzaren 9an, errauste plantatik isuritako amoniakoarengatik. Eguzki talde ekologistak «beste aldera begiratzeari uzteko» eta erreka «lehengoratzeko» lanak sustatzeko exijitu dio Donostiako Udalari.

Erraustegia kudeatzen duen Ekondakin enpresak onartu zuenez, maiatzaren 7an amoniako isurketa bat gertatu zen, erraustegitik «kanpoko» kamioi bat deskarga bat egiten ari zenean. Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak zigor espedientea zabaldu zion Ekondakin enpresari.

Eguzkik mapa baten bidez erakutsi du errauste planta Donostiako lurretan dagoela, baita Arkaitzerreka ere, «ia oso-osorik».

Taldeak gogoratu du bai Uraren Euskal Agentziak bai Aldundiko Basozaintzak espediente bana ireki dutela isuriarengatik, eta Usurbilgo Udalak ur laginak «bere kabuz hartu eta aztertu» zituela. Horrez gain, adierazi dute fiskaltzak gaia mahai gainean duela, Anerreka, Zubieta Lantzen eta Eguzki taldeek ingurumenaren aurkako delitu gisa salatu zutelako. Edonola ere, kaltea pairatu duten erakunde nagusietako batek —Donostiako Udalak— ez du ekimenik hartu, «errekarekin eta erraustegiarekin berarekin zerikusirik izan ez balu bezala».

Taldeak idatziz eskatu dio udalari lan egiteko erreka lehengoratzeko, eta horretara eskumenak badituela esan dio.

Aingira arriskuan

Isuriak hil dituen arrainen artean aingira dagoela azaldu du talde ekologistak, eta espezie horren populazioak «biziraupen-muga biologikoen azpitik» daudela. Europako Batasuneko 2007ko arau batek aingira babesten duela gogoratu dute, eta Eusko Jaurlaritzak Aingira Suspertzeko Kudeaketa Plana 2010. urtean jarri zuela indarrean. «Plan horren helburuei ez die batere mesederik egiten, noski, Arkaitzerrekan gertatutakoak».

Taldeak salatu egin du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hasieran isuria ukatu izanak. «Bietako bat: edo GHK hasieran isurketa ezkutatzen saiatu zen, eta hori oso larria litzateke; edo, sinetsi behar badiogu, astebete behar izan zuen isurketa latz baten erantzulea zela jabetzeko, eta hori aurrekoa bezain larria litzateke».

Taldeak gaineratu zuenez, arrainak hilda ikusi zituzten herritarren salaketarengatik ez balitz, « isurketa isilpean» geratuko litzateke.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak duela bi aste esan zuenez, Zubietako planta ez dute oraindik ofizialki inauguratu, baina jada hasi da «kalteak» egiten ingurumenean eta herritarren osasunean eta ekonomian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.