Azken urteetako dinamikari eutsita, gaur, Kontxako banderaren bigarren asteburuan, giza kate jendetsua egin dute Donostian, Zubietako erraustegiaren aurka protesta egiteko. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta, parte hartzaileek udaletxea eta Perla lotu dituzte, Kontxako hondartzatik igarota. Egitasmoak ELA, LAB, EH Bildu, Ezker Anitza, Equo, Eguzki eta Ekologistak Martxan-en babesa izan du.
Antolatzaileek Zubietako erraustegia geratzeko exijitu dute: «Bere tximiniei kea darie hilabete hauetan, eta, zoritxarrez, laster frogatu ahal izango da askotan salatu ditugun pozoiak inguruan zabaltzen ari direla». Izan ere, hilabeteak dira Zubietan probak egiten hasi zirela, eta laster osoki funtzionatzea espero dute. Halere, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak «borrokan» jarraitzeko beharra azpimarratu du, alternatiba «osasuntsuagoen» aldeko apustua egin beharra defendatuz.