Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak atzera bota du Hernaniko Udalak Zubietako errauste plantaren proiektuaren Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) aurka jarritako gorako helegitea. Orain, bide judiziala irekitzeko aukera izango dute helegitea jarri dutenek, EAEko Justizia Auzitegi Nagusira auzi-helegitea aurkeztuta.
Besteak beste, Hernaniko udalak argudiatu zuen aurreko agintaldian GHK-k uko egin ziola Jaurlaritzak proiektuari emandako baimenaren luzapenari, eta behin hori eginda, ezin daitekeela IBBa luzatu prozedura administratiboa zerotik hasi gabe.
Jaurlaritzak, ordea, argudiatu du hori hala dela baldin eta hirugarren interesdun batek kontrako argudiorik ematen ez badu, eta kasu honetan hala gertatu dela.
Izan ere, 2015eko apirilaren 15ean GHK-k (orduan Bildu agintean zela) uko egin zion IBBaren luzapenari, Jaurlaritzak bere TMB plantarako baliagarria ez zela ebatzi ondoren. Maiatzaren 19an, berriz, San Marko Mankomunitateak Jaurlaritzari eskatu zion ez aintzat hartzeko atzera egite hori, “bere xedeen aurkakoa" zelakoan. San Markoren argudioak aintzat hartuta, gero egin den IBBaren luzapenaren tramitazio guztia legezkoa dela adierazi du Jaurlaritzak. Izan ere, aurtengo martxoaren 1ean GHK-k eskatu zuen 12 hilabeterako luzapena, eta Jaurlaritzak onartu zuen martxoaren 7ko ebazpenaren bidez. Ondorioz, IBBa baliagarria da 2017ko apirilaren 30era arte.
Jakina denez, ingurumen baimen bateratuaren luzapena onartuta, errauste plantaren proiektuaren tramitazioko urratsik geldo eta katramilatsuenetako bat oso azkar gainditu dute GHK-ko agintariek. Eta, besteak beste, uztailaren 28an proiektuaren lizitazioa onartu ahal izan dute horren ondorioz.