Erraustegiaren probaldia etetea onartu dio Eusko Jaurlaritzak GHKri

Apirilean hasi zen instalazioen proba fasea, eta zazpi hilabete eta erdi iraun dezake gehienez

GHKren kamioi bat hondakinak botatzen Zubietako TMB plantara, iazko apirilean. GORKA RUBIO / FOKU.
inaki petxarroman
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Erraustegia energizatzeko eduki duten arazoak ataka estuan jar lezake Zubietako proiektua legezko epeetan martxan jartzeko aukera. Izan ere, Ingurumen Baimen Bateratuak instalazioak probatzeko ezartzen duen gehienezko epea agortzeko arriskua eduki dezakete proiektuaren kudeatzaileek. Hala, arrisku horren ondorioz, urriaren 17an sinatutako ebazpen baten bidez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak onartu du instalazioen probaldia —eta haren bi hilabete eta erdiko luzapena—«behin-behinean» eteteko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) egindako eskaera, «argindar hornidurarekin» izandako arazoak konpondu bitartean.

Atzo BERRIAk aurreratu zuenez, erraustegiaren transformadore nagusian izandako matxura batek oztopatu du planta energizatzea, eta horrek atzeratu ditu Gipuzkoako agintarien epeak.

Eusko Jaurlaritzak 2016ko apirilaren 23an onartu zuen Zubietako tratamendu mekaniko biologikorako (TMB) plantarako eta erraustegirako Ingurumen Baimen Bateratua. Hartan aurreikusi zuten bost hilabeteko probaldia instalazioak martxan jarri aurretik, besteak beste, zuzentze neurriak eta isurtzeak kontrolatzeko jarritakoneurketa sistemak ongi funtzionatzen dutela bermatzeko.

Aurtengo apirilaren 9anGHK-k jakinarazi zion Jaurlaritzari asmoa zuela proba fasearekin hasteko, apirilaren 24tik aurrera. Berriki emandako ebazpenean Jaurlaritzak egin du gertaeren azalpen zehatza. Horren arabera, GHK-k gobernuari eskatu zion, proba fasearen hasiera baimentzeaz gain, bi hilabete eta erdiko luzapena onartzeko. Horretarako, GHK-k arrazoitu zuen «askotariko ekintzak» egin behar zituztela Gipuzkoako Ingurumen Zentroko instalazio ezberdinetan, «modu mailakatuan». Beraz, epeak horren estuak izanik, eta jarduerak modu egokian hasi ahal izateko, aurreikusitakoa baino epe luzeagoa behar zuela azaldu zion GHK-k Jaurlaritzari.

Gobernuak biak onartu zituen: probaldiaren hasiera eta haren luzapena. Urriaren 2an, baina, GHK-k jakinarazi zion Jaurlaritzari bertan behera utzi nahi zuela probaldia, ekainaren 11tik argindar hornidurarik gabe baitzeuden, transformadore nagusiaren lehen energizazioan izandako «akats» baten ondorioz. BERRIAk obra barruko iturrietatik jakin duenez, leherketa batek hondatu zituen transformadorearen atal batzuk, eta duela bi astera arte ez dute lortu hura behar bezala funtzionaraztea. Jaurlaritzak onartu du probaldiaren etetea hondakinak errausten hasi bitartekoa dela, eta GHK-k adierazi du azaroan zehar hasiko direla hondakinak probetan erretzen.

Kontua da GHK-k bost hilabete baino gehiago agortu dituela ofizialki probak egiten, eta gehienez ere beste bi hilabete inguru izango dituela instalazio guztiak behar den bezala doitzeko. Legez, zazpi hilabete eta erdiko epe hori ezin da luzatu, eta hura gaindituz gero, Ingurumen Baimen Bateratua baliogabea litzateke. Baimen hori gabe ezinezkoa da, legez, Zubietakoak bezalako instalazio batzuk martxan jartzea, eta beste baimen bat tramitatzea hilabete luzeetako kontua litzateke.

Kontuan edukita hondakinak errausten eta instalazioaren gailu guztiak behar den moduan jartzen hilabete batzuk behar izaten direla, estu ibil daitezke Zubietako instalazioak behar den garairako prest uzteko.

Oraingoz, Bizkaira

Oraingoz, GHK-k Bizkaiko erakundeei eskatu die 2019an eduki duten ituna luzatzeko, eta, modu horretan, aukera izango dute 2020an ere Bizkaiko instalazioetara 60.000 tona hondakin bidaltzeko. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak onartu du hitzarmen hura berritzea, eta, orain, herrialdeko Batzar Nagusiek berretsi beharko dute erabaki hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.